22 Azaroa 2017

Beatriz Artolazabal: “Herritarren zahartzeak behar berriak ekarriko ditu, baina baita aukera berriak ere”

Azaroaren 15ean, Guggenheim museoko auditorioak ekitaldi berezia ospatu zuen. Europatik etorritako profesionalek euren herrialdeetan aurrera ateratzen ari diren praktika onen berri eman ziguten. Horien artean Euskadi Lagunkoia aurkitzen da, Euskadin geroz eta indar gehiago hartzen ari den ekimena. Zahartze aktiboaren ikur, Euskadiko 50 udalerri atxikita daude dagoneko Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila bultzatzen ari den programa honetara. 

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak ‘Lagunkoitasunari buruzko Europako Jardunbide Egokiak’ jardunaldia inauguratu du, Bilboko Guggenheim Museoko Entzungelan. Bertan nabarmendu du “adinekoei zuzendutako politikak, dagoeneko, beharrizan barik betebehar direla”. Eta “herritarren zahartzeak behar berriak ekarriko dituela, baina baita aukera berriak ere”.

Artolazabalek gogorarazi du “Euskadik munduko gizarte urtetsuenetakoa duela; bertan, bizi-itxaropena, batez beste, 83,4 urtekoa da”. Bizi-itxaropena luzatu egin da azken urteotan, “eta urte gehiago betetzen dituztenen bizi-kalitatea ere hobetu egin da". “Daukagun erronka handia adinekoak ahalik eta bizi-baldintza onenetan bizi ahal izatea da, mendekotasun-egoerarik gabe, ahal den denbora gehien eta behar den erosotasunarekin”, esan du sailburuak.

Horretarako, “euskal erakundeak zahartzen diren pertsonen kolektiboari begira jarri dira, eta gure auzo, udalerri eta hiriak eroso sentitzeko ingurune bilakatzeko mekanismoak sortu dituzte”, esan du Beatriz Artolazabalek. Eusko Jaurlaritzak, 2015-2020 Zahartze Aktiboaren Estrategiaren sustatzaileak, inplikatuta dauden sektore guztiek zahartzerako etorkizun onena eraikitzeko konpromisoa har dezaten bilatzen du, “autonomiaren sustapenean, herritar-talde horren heterogeneotasunaren aitorpenean eta gizarte lagunkoiagoa eta solidarioagoa eraikitzeko eta mantentzeko konpromisoaren eta erantzunkidetasunaren sustapenean oinarritzen den” ikuspegitik.

Esparru horretan, OMEk adinekoei egokitutako inguruneetarako duen Programan oinarrituta, Euskadi Lagunkoia Sustraietatik Sarearen sustatzailea da; bertan, berrogeita hamar euskal udalek baino gehiagok parte hartzen dute. Lagunkoitasunaren programan, adinekoak gure eguneroko bizitzan eragina izango duen ongizatea sortzeko prozesuaren protagonista dira; izan ere, horrela, espazio publikoak, herritarren arteko harremanak eta zaintzen transferentziak modu arrazoizkoagoan berreskuratuko dira.

“Elkarrekin, adinekoetara egokitutako hiri eta erkidegoak eraikitzea herritarren zahartzeari erantzuteko plangintza politiko eraginkorrenetako bat delako ikuspegia partekatzen dugu”, esan du Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak. “Guk esperientzia eta anbizioa dugu. Nire ustez, jarraitzen ari garen bidea zuzena da, baina kanpora begira jarraitu behar dugu. Beste leku batzuetan egiten ari dena jakin behar dugu”.

Jardunbide egokiak

Zehazki, gaurko Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak antolatu duen jardunaldiaren bidez, adinekoekin zerikusia duten Europako eta estatuko esperientziak ezagutu dira, zenbait lekutatik heldu diren profesionalen eskutik, besteak beste, Belgikatik, Erresuma Batutik edo Poloniatik. Hizlarien artean, honako hauek dira nabarmentzekoak: Tine Buffel, Manchesterko Unibertsitateko ikertzailea, zahartzearekin eta urbanizazioarekin lotutako gaietan aditua; Sarah More, nazioarteko proiektuen laguntzailea Erresuma Batuko Alzheimerraren Sozietatean, Dementziaren Lagunak programak garatzen laguntzen die herrialdeei; Sarah Dury, Gizarte Gerontologiako doktorea, Bruselako Unibertsitateko ikerketa-metodologia parte-hartzailean zentratua; Aleksandra Markowska eta Katarzyna Ziemann Gizarte Berrikuntzako Laborategia - Gdynia (Polonia) udalerriko aurrekontu-unitateko zuzendaria eta zuzendariordea; Asier Gallastegi, Eusko Jaurlaritzako aholkulari sistemikoa, prestatzailea eta coacha eta Bherria proiektuaren  sustatzailea; Rocío Cuevas, Associació Salut i Família catalana elkartekoa, Bancs del Temps-en inguruan hitz egingo duena; eta Rosa Jiménez, La Escalera proiektuaren koordinatzailea.

Gainera, Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordeak, Emilio Sola Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuetako zuzendariak eta Elena del Barrio Euskadi Lagunkoia programaren koordinatzaileak topaketan parte hartu dute.

22 Azaroa 2017

"Activa tu barrio. Itinerarios seguros" Gasteizen

Datorren astean, Gasteizko Udalak sustaturiko ekimena eramango da aurrera "Activa tu barrio. Itinerarios seguros". 

Peio López de Munain, Gizarte Politika eta Osasun Publikoko Gasteizko Udaleko Zinegotziak, ekimenaren ardura damarren taldearekin batera, ibilbide hauei hasiera emango diete. Lehenengoa EL PILAR auzoan, azaroak 15, arratsaldeko 5etan, eta bigarrena LANDAZURI auzoan, azaroak 16, arratsaldeko 5etan. 

López de Munainek esan duenaren arabera, "ekimen honen bitartez gure auzoak atseginagoak izaten nahi dugu. Bertan bizi diren pertsona guztiek beraien egunerokotasunean dauzkaten eginbeharrak normaltasunez egin ditzaten, kaleetan arazorik gabe ibiliz".

Eskuorria deskargatu

22 Azaroa 2017

Euskadi Lagunkoia Lisboako NBEak publikaturiko posterrean ikusgai

Euskadi Lagunkoia zahartze aktiboaren inguruan NBEak antolatutako Lisboako jardunaldietan egongo zen irailaren 20tik 22ra. 

Bertan UNECEko, NBEko, Europako Batzordeko eta Lanaren Nazioarteko Erakundeko (LNE) 56 estatu kideetako zahartza-arloaren arduradunez gainera, hainbat herrialde eta eskualderen ordezkariek eta askotariko erakundetako gizarte-agenteek hartu zuten parte.

Euskadi Lagunkoia ekimena nazioartean azaltzeko helburuarekin, Matia taldeko kideak izan ziren bertan. 

Orain, UNECEk bertan erakutsi ziren proiektuen posterra zabaldu du, Euskadi Lagunkoia bertan agertzen delarik. 

Posterra ikusi