Ondarea programa, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak sustatzen duena eta hainbat adinekoren lana eta bizitza-esperientzia jasotzen duena, Geriatriako eta Gerontologiako Espainiako Sozietateak ematen duen “Zahartzearen Irudia - SEGG 2017” Sariaren finalista gisa hautatu dute. Ekimen honen helburua proiektu dokumentala da; bertan, bideo-formatuan jasotzen dira adinekoen esperientziak, Euskadiko ondare immateriala eta kulturala transmititzeko. 2016aren amaieran, Osasunaren Mundu Erakundeak ekimen hau edadismoaren edo adinagatiko bereizkeriaren –ingelesezko agegism terminoaz ere ezagutzen da– aurkako nazioarteko bederatzi jardunbide egoki onenetakotzat jo zuen.

Ondarea Euskadi Lagunkoia sarearen edo euskal udalerri “lagunkoien” eta adinekoentzako neurrien aldeko ekimena da; ekimena Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak sustatzen du. Ondarearen helburua da bost minutuko bideoak egitea, horietako protagonista den adineko bakoitzarekin. Marian, mendizalea; Edorta, gatzagako langilea; Edelmira, saltzailea; Mertxe, saregilea; Todosia, nekazaria; Félix, artzaina; Blanca, eltzegilea; Jabier, arraunlaria; eta Roxario, sukaldaria. Bideo bakoitzak elkarrizketa sakona jasotzen du, bai eta eguneroko bizitzako irudi batzuk ere. Dokumentu bakoitza euskaraz edo gaztelaniaz dago grabatuta. Ondarearen helburua bikoitza da: alde batetik, euskal ondare immaterialaren, euskal kulturaren tradizio eta  gorabeheren transmisioa sustatu nahi du, eta, bestetik, adinekoek euskal gizartean betetzen duten rolari balioa eman nahi dio.

José Antonio López Trigo Geriatriako eta Gerontologiako Espainiako Sozietateko presidenteak bidalitako gutunean, erakundeak “eskerrak ematen ditu”, “adinekoen irudi erreala eta ez-estereotipatua” sustatzeko egindako lanagatik. Halaber, eskerrak ematen ditu Euskadi Lagunkoia osatzen duten erakundeek “zahartzea begirada bidezkoagoarekin eta orekatuagoarekin onartzen duen gizartea” eraikitzeko lankidetzan egindako lanagatik.

“Zahartzearen Irudia - SEGG 2017” Sariaren kategoria berean, beste bi hautagaitza finalistak honako hauek izan dira: batetik, Tony Lucianik idatzitako eta Cultura Inquieta aldizkariak argitaratutako artikulua: “91 urteko emakume batek bere bizitza ekarri du gogora, serie fotografiko inteligente eta surrealista batean”, eta, bestetik, La Sexta TV telebistako ‘Paquita, la voz de los pensionistas’ erreportajea. Irabazlea datorren ekainaren 9an jakinaraziko da.

Aintzatespen hori ez da Ondarea programak jasotzen duen lehena; izan ere, iazko amaieran, Osasunaren Mundu Erakundeak saria eman zion, edadismoaren aurkako nazioarteko bederatzi jardunbide egoki onenetakotzat jo baitzuen.

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to Twitter