• “Ingurune fisikoak eta sozialak erabakigarriak dira pertsonak osasuntsu, independente eta autonomo egoteko zahartzaroan”

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren iritziz, “adinekoetara egokitzen diren hiriak eta erkidegoak egitea herritarren zahartzeari erantzuteko tokiko plangintza politiko eraginkorrenetakoa da”.

Artolazabalek, gaur goizean, Eusko Legebiltzarraren osoko bilkuran hitz egin du; bertan, Eusko Jaurlaritzak adinekoak ahalduntzeko eta zahartze aktiboa sustatzeko martxan duen Euskadi Lagunkoia programaren garapena azaldu du.

 

Gida bat prestatzen ari gara, etxebizitza lagunkoia zer den zehazteko; bertan, etxeak zahartzen diren pertsonen beharretara egokitzeko aholku batzuk jasoko ditugu, eta, gainera, eskuragarri dauden laguntza eta baliabideen aukerei buruzko informazioa eskainiko dugu eta, etxean geratzea zaila den kasuetarako, etxebizitza-aukera batzuk azalduko ditugu”, azaldu du Beatriz Artolazabalek.

Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren hitzen arabera, “Euskadi Lagunkoia ekimen eredugarri gisa ezagutzen da, eta Edinburghen, Osasun eta Zaintzen Kongresuaren esparruan, jardunbide egoki gisa hautatu dute. Gainera, Euskadi Lagunkoia erreferentea izan da NBEk Lisboan zahartze aktiboari buruz irailean antolatu dituen jardunaldietan".

“Ingurune fisikoak eta sozialak erabakigarriak dira pertsonak osasuntsu, independente eta autonomo egoteko zahartzaroan; hori dela eta, Eusko Jaurlaritzan hiru oinarri dituen zahartze aktiboaren estrategiaren aldeko apustua egin dugu: gizartea zahartzera egokitzea, gobernantza-eredu berriarekin, non adinekoak protagonista baitira eta erabakiak hartzen parte hartuko baitute; hobeto zahartzeko aurrea hartzea eta prebentzioa; eta ongizatearen gizartea eraikitzeko lagunkoitasuna eta parte-hartzea”.

Adinekoetara egokitutako inguruneetarako OMEren programan oinarrituta, Eusko Jaurlaritzak Euskadi Lagunkoia Sustraietatik Sarea sustatzen du.  ‘Age-Friendly Cities and Communities’ nazioarteko programak, gaur egun, ildo horretatik lanean ari diren 37 herrialdetako 400 hiri eta erkidego ditu.

"Europa ingurunean, bizitza-luzeraren iraultzan gaude murgilduta, alegia, urte gehiago bizitzea baldintza hobeetan. Adinekoek Euskadiko herri eta hirietako bizitzan ongizatearen sortzaile gisa duten ahalmena aprobetxatzen dugu, eta parte-hartze komunitarioko prozesuak sortu eta sustatzen ditugu”, esan du Artolazabalek.

Era berean, sailburuak Merkataritza Arloarekin batera garatu den “ESTABLEZIMENDU LAGUNKOIA” ekimena nabarmendu du; horren bidez, adinekoen beharretara egokitu nahi duten establezimenduei erraztasunak ematen dizkie, gida eta prestakuntzarako sarbidearen bidez.

“Pertsona guztiei eta, bereziki, adinekoei kalitateko zerbitzua emateko urrats eta gomendio errazak dira. Gida arrakastatsua da; portugesera itzuli du Brasilgo Zahartzearen Zentro Nazionalak, eta Valentziako Erkidegoak eskatu du, gai horren inguruan bere gida prestatzeko oinarri gisa”, esan du sailburuak.

Artolazabalek, halaber, “ONDAREA” programa aipatu du; OMEk mundu-mailan edadismoari, nagusienen estigmatizazioari, aurre egiteko dauden 9 jardunbide egokienen artean sailkatu du. Sociedad Española de Geriatría y Gerontología sozietateak zahartzearen inguruko irudi positiboa dakarren ekimentzat aitortu du. Ekimen horren bidez, euskal ondare immateriala transmititu nahi da, adinekoen lekukotzak batzen dituzten bideoen bitartez.

“Ingurune fisikoak eta sozialak erabakigarriak dira pertsonak osasuntsu, independente eta autonomo egoteko zahartzaroan”, esan du Artolazabal sailburuak, amaitzeko.

Iturria: Irekia

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to Twitter