Euskadi Lagunkoiaren barnean, Igorren, sustatzen ari diren proiektua munduari erakusteko aukera izan zuen Euskadiko udalerri bakarra izan zen. Orain dela hilabete aurreratu ziguten moduan, “lagunkoitasunaren alde udalerri txikietan egiten ari garen lana azpimarratu nahi dugu Toronton”.

Eta horrela egin dute, hemen behean Toronton zeuden bitartean egindako elkarrizketan ikusi daitekeen moduan. Itzultzean, kongresuaren inguruan gehiago zehazteko aukera eta horren inguruko balantzea egiteko aukera izango dugu.

Zertan ardaztu da Igorreko aurkezpena?

Igorreko aurkezpena oinarritu zan edadeko jentearentzat herri txikiek daukien bentajetan.
Alde batetik, danak ezagunak izateak, lagunak eta konfiantzazkoak ekarri dau herriko 60 urtetik gorakoen portzentaje handi batek (%80 inguruk) parte hartu izatea proiektuan edo hortik ateratako ekintzeetan. Herri txikia izateak be erreztu dau behetik gora egitea proiektua eta ez alderantziz, eta erakundeakazko (kasu honetan udala) hartu-emon zuzena eta alkarlana. Gainera, ikusi dabenez euren ideak ez dirala papelean geratu, gauzatu egiten dirala baino, ilusinoa eta lan egiteko gogoak mantenidu egin dira eta ez da diagnostiko huts batean gertatu.

Nagusiak eta beste edadeko jenteagaz alkarlana be argi geratu zan aurkezpenean. Eskolan 6. mailako umeek bihotz errehalitazinoa egiten ikasi eben, gazteakaz bideo forum eta berriketaldiak antolatuten dabez... Eta abar.

 

Zer moduzko harrera izan du aurkezpenak?

Nire ustez antolakuntzak gauza bat egin dau txarto Biltzarrean, eta da berbaldiak publikoari ez zabaltzea. Jente gitxi egon zan berbaldi guztietan, berbaldi asko egoazalako batera eta akreditazinoa eukienak bakarrik joan eitezalako.

Baina Igorreko aurkezpena asko gustau zan. Izan be, aurkezpen gehienak egozan datu eta taulaz beteta eta gehienetan diagnostikoetan geraten ziran. Igorrek bideo batez aurkeztu eban, bizitasuna emonez. Ideak labur eta zehatz emonda eta egindakoa erakutsiz. Bideoa gainera oso ondo eginda dago eta publiko guztiaren atentzinoa bereganatu eben. Txalo beroak egin ebezan publikoak eta jentea irribarretsu zan. Komentarioak oso onak danak.

Adineko pertsonen gaiaren inguruan eduki berritzailea aurkeztu duen hitzaldiren baten harritu al zaitu?

Hitzaldi baten baino, hitzaldi bakotxean baegoan zeozer barria eta aprobetxau beharrekoa. Baina pentsatzen dot akaso interesanteena dala emon gura izan daben mezua. Gauzea ez dala ez dakit-zelango botikak eta teknologiak garatzea, arazorik handienak dirala askoen (batez be edadeko andra askoen) diru sarrera egokien faltea, bakardadea eta, batzuetan, tratu txarrak. Jente nagusiak gura dauana dala errespetuz eta duintasunez tratatua izatea eta gizarteari bere ekarpenak egiten jarraitutea. Nagusiak bizi kalidade hobea euki dagien baliabideak euki badaukaguz. Zerbitzuak emoten dabenen formakuntzea eta baliabide horreek behar dabezan guztien eskuetara jartzea izango litzateke erronkea. Aiztu barik, herrialde edo komunidadea bakotxak daukala bere problematikea; alde sendoak eta alde ahulak.

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to Twitter