Uda aurretik Azkoitiko etxeetan banatutako 5.500 inkestetatik, 591 jaso dira beteta. Galdeketa martxan jarri zen helburu batekin. Alegia, jakite aldera zenbateraino den Azkoitia herri lagunkoia pertsona nagusientzat. Proiektuak bilatzen duena da diagnosia egitea lanean bide zuzenetik jarraitu ahal izateko, herri lagunkoia eraikitzeko, zahartzaro aktiboa eta partaidetza sustatuz.

Emaitzak alde batera utziz, sustatzaileen ustez partaidetza altua izan da eta euren eskerrik onena helarazi nahi die galderei erantzuteko denbora hartuz, parte hartu duten herritar guztiei.

 Azkoitia Lagunkoiak bederatzi eremu ditu aztergai eta horien bueltako galderak egiten ziren inkestan.

Horien artean, inkesta bete dutenek hobetoen baloratzen dutena familiarekin, bizilagunekin eta lagunekin duten harremana da. 7,73 punturekin baloratu dute. Garraioari 7,06 puntu eman dizkie eta osasun eta gizarte zerbitzuei 6,68. Balorazio positiboa jaso dute, halaber, denbora libreak 6,56 punturekin; pertsona nagusiekiko errespetuak eta haien inklusioak 6,52rekin; parke eta aire libreko guneek 6,47rekin eta etxebizitzak 6,04 punturekin. Azken bi esparruei dagokienez, partaidetza soziala 5,98 punturekin baloratu dute eta komunikazioa, 5,71rekin. Inkestatik ondorioztatutako emaitza nagusiak dira hauek.

Atalez ataleko balorazioa

Orain, Azkoitia Lagunkoiaren talde eragilea balorazioa egiten ari da atalez atal eta aldi berean hobetze proposamenak jasotzen. Lehenengo lan lerro gisa komunikazioaren gaia landu du. Ondorioz, informatika eta internetari buruzko ikastaroak antolatu dira adin nagusiko pertsonentzat, baliabideak erraztu eta aukera berriak eskaintze aldera adineko pertsonei, ikastaroak Kzgunean ematen ari dira.

Hartutako konpromisoari tinko eutsiz

Bere aldetik, Udalak tinko eusten dio hartutako konpromisoari eta bere esku dagoena egiteko borondate osoa du pertsona nagusien bizi kalitatea eta autonomia hobetzeko bada. Hain justu, aurreko maiatzean sinatu zuen Udalak formalki Euskadi Lagunkoia Sustraietatik sarera atxikitzeko akordioa.

Momentu honetan, Udala ahalegin handia ari da egiten irisgarritasuna hobetzeko. Halaber, zerbitzuei dagokienez aurrerapauso garrantzitsua izan da Hurkoaren bulegoaren irekiera Azkoitia lagunkoiagoa egite bidean.

Azkoitia Lagunkoiaren lanari esker, Azkoitia “Age-friendly Environments Programme” sarearen kide da, Euskadiko beste 40 udalerrirekin batera.
Azkoitiko talde eragileak urtebete inguru darama lanean. Hilean behin, normalean asteazken arratsaldeetan, biltzen da Elkargunean. Taldea irekia da eta interesa duen edonork ateak zabalik ditu.

Iturria: azkoitia.eus

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to Twitter