Duela hilabete batzuetatik blog honetan sarrerarik argitaratu ez den arren, Abadiño Lagunkoia proiektuak bizirik eta aktibo jarraitzen du. Denbora horretan, Ekintza Planerako proposamenak jasotzen dituen dokumentua amaitu dugu. Dokumentu hori urriaren 7an aurkeztu zen eta herritarren eskura dago udalaren webgunean. Esteka honetan klik eginez ikus dezakezue.
Egun horretatik aurrera, talde eragilea talde fokalekin burutu beharreko jarduerak diseinatzen hasi zen, Ekintza Planaren jarraipena egiteko. Horretarako, fitxa sinple bat egin dugu, eta, horri esker, Planaren barruan lehen urterako edo urtero gauzatu beharreko ekintza gisa markatutako zereginak abian jarri diren ala ez egiaztatu ahal izango dugu. Planaren aldizkako berrikuspenak ere adostu ditugu udalbatzarekin eta udal-teknikariekin. Jarduera horiei urtarrilaren 13an emango diegu hasiera, eta, horretarako, talde fokalak deituko ditugu berriro.
Bestalde, Ekintza Planarekiko proiektu paraleloak garatzen jarraitzen dugu, zehazki Zapatilla Proiektua, Eusko Jaurlaritzak berriki saritua, eta herriko merkatarientzako tailer baten deialdia, Abadiñon Merkataritza Lagunkoia garatzeko ekintza posibleak bideratzeko.
Lerro hauetatik gure ekintzetan laguntzera animatzen ditugu Abadiñoko herritarrak. Beti esaten dugun bezala, denen ekarpenak dira aberasgarriak.