-
14 Martxoa 2018

Jose María Macías, Santokraz Elkarteko eta Abadiño Lagunkoiako kidea da. Elkarrizketa honetan Abadiñon aurrera eramaten ari diren ekimenen berri eta etorkizunera begira diseinatzen ari direnak azaldu dizkigu beste gai askoren artean.
Zein helbururekin batu zarete Euskadi Lagunkoia taldera?
Euskadi Lagunkoiak, gure lagunkoitasun proiektua aurrera eramateko orientazio eta sostenguaz gain, gure esperientzia eta bizipenak beste herri batzuekin partekatzeko aukera ematen du.
Zein pauso eman dituzue orain arte?
Proiektuaren inguruko informazio guztia bildu eta antolatu ondoren, Abadiño gure herriko pertsona helduen 2 elkarteak batu ginen proiektuaren nondik-norakoak zabaldu eta horren inguruan ezjakintasuna zuten partaideak sarera batzeko. Horren aurretik Udaletxearekin kontaktuan jarri, proiektua azaldu eta beraien feedbacka positiboa zela ikusi genuen.
Ideia gehiago hedatzeko, beste herrietako adituekin elkartu ginen beraien esperientzia nolakoa izan zen kontatzeko.Bestalde, Aldundiko Pertsona Helduen Kontseiluak babesten duen herri lagunkoien taldearen laguntza ere izan genuen. Bildutako informazio guzti horrekin, hasierako proiektua idatzi eta talde eragilea osatu genuen.
Aipatutako proiektua udaleko plenora aurkeztu eta aho batez onartu zen. Erantzun hori jaso ondoren, Euskadi Lagunkoiaren inkesta, egoitza publikoetan ezarri eta kalean banatu genuen. Fase hori pasatu ondoren, eta dagoeneko udalak guri laguntzeko enpresa bat kontratatuta izanik, foku desberdinetako taldeak sortu eta herriaren lagunkoitasuna aztertzeko proposatzen diren 8 arloak lantzen hasi ginen. Momentu honetan puntu horretan gaude.
Lan taldeak sortutako ekimenen bat azpimarratzerik izango al zenuke?
Oraindik ere diagnostikoa egiten ari gara eta garaiz xamar da zerbait azpimarratzeko, hala ere, pixkanaka egiten joan garen intereseko ekintza batzuk nabarmendu ditzakegu. Hasteko, bere garaian, inkesta faseari hasiera emateko kontzertu bat antolatu genuen. Inkesta horiek jasotzeko tokiko erantzuleekin, Osakidetza eta KZ Gunearekin, jarri ginen kontaktuan.
Horrek, proiektua pixka bat gehiago hedatzea ahalbidetu zigun. Era berean, Abadiñoko eskolako guraso elkartearekin, bizilagun elkarte desberdinekin zein erdigunera nekez etortzen diren landa eremuko pertsonekin ere jarri ginen harremanetan. Halaber, akzio planeko puntu bat prestatzen ari gara kalera joan eta denon artean hori aztertu eta proiektua gehiago zabaltzeko.
Gure proiektua adineko pertsonengana bakarrik ez mugatzea pentsatu dugu, azken finean, adineko pertsonekiko herri lagunkoia herritar guztiekiko lagunkoia baita.
Nola lortu daiteke adineko horrenbeste pertsonen partaidetza? Eta zein izan da talde sustatzailearen inplikazioaren arrakasta?
Nire ustez, lehenengo momentutik argi utzi genuen proiektu honen helburua ez dela eraldaketa handiak egitea, bakoitzak dituen sentsazioak taldean partekatzea baizik. Edonork ikusi edo proposatu lezake hobekuntza bat, nahiz eta aldaketa hori oso handia ez izan, dena da gehigarria. Gune eta tresna aproposak izan ezkero, denok nahi dugu gure herria hobetu. Izan ere, azken bileretan 40 bat pertsonako parte hartzea izaten ari gara eta lorpen ona iruditzen zaigu Abadiñok 7500 biztanle dituela kontuan hartuta. Gehienbat azken denboraldian gizarte ekimenetan parte hartzea zenbat kostatzen zaigun ikusita.
Baina, arrakasta ez dago hor bakarrik, horrez gain, behin eta berriz aipatu dugu behetik gora doan proiektu bat da, hau da, gure proposamenak udaleko zein beste alor batzuetako erantzuleei zuzentzen dizkiegu. Parte hartzea eta kolaborazioa ere behin baino gehiagotan eskatu dugu, ez dela beti jasotzen batzuetan, ahal den moduan, eman ere egin behar dela aldarrikatuz. Gainera, izugarrizko giro ona sortu da foku taldeen artean. Denek dakite ahal dutenean parte hartzen dutela eta ezin dutenean ez dela ezer gertatzen eta nahi duenarentzako ateak zabalik ditugula.
Izan ere, nahiz eta arrazoi desberdinengatik tarteka baja bat egon, sesio bakoitzean inkorporazio berriak ditugu. Ez dakigu zer gertatuko den etorkizunean baina, talde sustatzaileak, aurrera jarraitu ahal izateko ilusio zein gauzak egiteko gogo eta prestutasunaren ekarpena egiten jakin dugula uste dugu.