Osasunaren Mundu Erakundeak “Euskadi Lagunkoia” sarearen adibidea nabarmendu du; sarean Euskal Autonomia Erkidegoko hirurogei udalerri batzen dira, adinekoekiko lagunkoitasunaren inguruan, “zahartze aktiboa” sustatzeko.

The Global Network for Age-friendly Cities and Communities Looking back over the last decade, looking forward to the next (adinarekin lagunkoiak diren hiri eta erkidegoetarako sare globala; azken hamarkadan atzera begira eta hurrengoa heltzeko irrikitan) argitalpenean, Euskadin adinekoak ahalduntzeko abian jarri den eredua nabarmendu du.

OMEk argitaratutako dokumentuak zenbait herrialdetan garatutako proiektuak balioesten ditu, besteak beste, ‘adinera egokitutako programa Euskadin’ izenez aipatzen duena. Bertan, Euskadi Lagunkoia nola sortu zen zehazten da, bai eta Euskadin jaso duen erakunde-laguntza ere. OMEren iritziz, “Euskadi Lagunkoia programaren garapenean arrakasta-eragile garrantzitsuenetako bat oinarriko herritarren lidergoa da. Adinekoen elkarteen arteko elkarlana funtsezkoa izan da, eta proiektua zentroak suspertzeko eta baterako helburuaren inguruan lan egiteko erabili da”.

OMEren hitzen arabera, “adinarekin lagunkoia den programan adinen parte-hartzea eta lidergoa sustatzea Euskadiren funtsezko helburu da”. Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuordearen iritziz, “ezinbestekoa da pertsona guztiak beren bizitzen progragonista izatea, adina edozein dela ere. Sareak nahi du adinekoak beren eguneroko bizitzan eragina izango duen ongizatea sortzeko prozesuan parte har dezaten; izan ere, horrela, espazio publikoak, herritarren arteko harremanak eta zaintzen transferentziak modu arrazoizkoagoan berreskuratuko dira”.

Amilibiaren hitzen arabera, “helburua da bizitza errazten duten xehetasunekin eta gauza txikiekin, gure udalerri eta auzoetan egun bakoitza atseginagoa izatea gizarte guztiarentzat”.

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to Twitter