Beatriz Artolazabal
Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak Valdegobía/Gaubea Arabako udalerria “landa-eremuan zahartze aktiboaren barruan adinekoak ahalduntzeko jarduketa positiboaren eredu” dela esan du.

Euskal Telebistan emandako erreportaje batean, Beatriz Artolazabalek, Juan Carlos Ramírez-Escudero alkatearen eskutik, Valdegobia/Gaubeako Udalak bakarrik bizi diren pertsonen kasuan abiarazitako jarduketen berri izan du: urtero tximiniak garbitzen dizkiete, suterik egon ez dadin; alarmak jartzen dituzte; betion telelaguntza zerbitzua dute; osasun-arloko arduradunaren etengabeko arreta jasotzen dute; eztarriko trabamenduen kasuan nola jardun ikasteko ikastaroak prestatzen dituzte; udal ekitaldi-aretoa zinema gisa erabiltzeko gaitu dute, asteburuetarako; eta mila biztanleko udalerri horretako adinekoentzako beste zenbait jarduera.

EITBko erreportajea ikusi

Artolazabalek azaldu duenez, “euskal herritarrak Europako biztanle urtetsuenetakoak dira. Hori, batik bat, Euskadiko landa-eremuan antzematen da. Adineko asko bakarrik edo bikotean bizi dira; izan ere, beren seme-alabak, laneko kontuengatik, lekuz aldatu dira eta zenbait arreta behar dituzte beren bizitza erosoagoa izateko eta ahalik eta konfort handiena izateko. Eusko Jaurlaritzatik, aldundiekin eta udalekin lankidetzan, “zahartze aktiboa” izenekoan, gure adinekoei laguntzeko ekimen batzuk garatu ditugu.

Artolazabalek 91 urteko herritar baten etxea bisitatu du; bakarrik bizi da, eta eguneroko jardueretan nola moldatzen den ikusi nahi izan du. Udalak kedar-garbitzailea jarri du, tximiniako tiroa garbi izateko; bertako kedarrak garbitzen ditu, suterik egon ez dadin, eta hala egiten du beste etxe batzuetan ere. “Adinekoei eskaintzen zaien hori guztia duela urte batzuk Eusko Jaurlaritzak abian jarri zuen “Euskadi Lagunkoia” programan jaso da; Matia fundazioarekin elkarlanean jarri zuen abian, eta proiektuari, pixkanaka, euskal udalerriak joan zaizkio atxikitzen. Dagoeneko 60 dira, eta horien artean biztanle gehien dutenak”.

Euskadi Lagunkoiak zahartze aktiboa sustatzeko ekimenak proposatzen ditu, esaterako: adinekoen ahalduntzea, gizarte-kudeaketaren parte-hartzaile izan daitezen, eta, horretarako, espazioak eta ekimenak aktibatzen ditu; hirigintzako eta hiri-azpiegituretako diseinuak, adinekoetan pentsatuta; tokiko merkataritzaren elkarlana adinekoei arreta hobea emateko; eta gure adinekoek beren ezagutza belaunaldi berriei transmiti diezaieten sustatzea eta, horretarako, hura partekatu eta babestea.

“Gure adinekoen bizitza aktiboa eta autonomoa luzatzea, neurri handi batean, hiri-diseinuaren, segurtasunaren eta etxeko giroen egokitzapenaren lagunkoitasunak eragingo du”, esan du Artolazabalek, ETBko erreportajean. Euskadi Lagunkoia Osasunaren Mundu Erakundeak sustatzen duen ‘Age-friendly Environments Programme’ programan oinarritzen da. Programa horrek aintzatespena jaso du eta adibide gisa jarri da nazioarteko kongresuetan, besteak beste, Lisboan, Manchesterren, Genevan edo Toronton.

“Gure nagusiek egin dute herrialde hau, eta gizarte aurreratua, solidarioa, kohesionatua eta konprometitua utzi digute. Gizarte hori hobea izango da guztiok parte hartzen badugu, ongizate-baldintza onenak izango ditu, eta horretan Euskadik leku nabarmena izan dezake Europan”, esan du Artolazabalek.

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to Twitter