Euskadi Lagunkoiara atxikita dauden udalerrietako kide batzuek International Federation of Ageing-ek (Zahartzearen Nazioarteko Federazioa) bultzaturiko ekimenean parte hartzea erabaki dute. Besteak beste, euren hausnarketak bidali dizkigute lagunkoitasunaren esanahia zer den eta lagunkoia zer den eta zer ez den azalduz.

 Jorge Barrón, Getxo Lagunkoiako kideak, honako gogoeta bidali digu: 

"Lagunkoitasuna lagunak egiteko jarrera naturala al da? Hori diote hiztegiek, baina, beste edozein hitzekin gertatzen den bezala, ezer gutxirako balio digu hitzaren esanahiak ondoren ez badiogu gogoa jartzen. 

Hirientzako lagunkoitasunaren balio osoa nahi dugu, lagunkoitasuna munduan zehar zabaldu, gizarte guztiarentzat, Lur guztian barreiatu. Erreflexio nahiko antzua bizi dugun egoera ezagututa. 

Gure munduan lagunkoitasuna bere osotasunean zabaltzera eramaten duen indarra baldin badago ere, pertsonen arteko bizikidetza lagunkoia izatea zapuzten duten egoerak bizi ditugu. 

Utopia horretarantz doan bidean oztopo asko gainditu behar dira. Ez da nahikoa sahiestearekin, ez da posible harresi eta kontzertinen atzean izkutatzea. Ezin diegu bizkarra eman aberastasunaren atzetik ate joka datozenei. Ezin diegu txirotasunetik, gaixotasunetik edo gizarte bazterkeriatik ihesi datozen pertsonei gure indibidualismo bortitzenetik begiratu.

Hiri lagunkoi bat ez da posible izango desberdintasun maila altuak, etxetik bota dituzten familiak, bakardadean utzitako agureak, edota auzo eta eskoletan baztertzen diren etorkinekin ez bada ezer egiten. 

Eta zer esan geopolitikaren boterea eskuan dutela eliteen interesen baitan mugitzen direnez? Mehatxua, blokeoa eta hiriak, eskolak eta ospitaleak suntsitzen dituzten gerrekin?

Bidea luzea da eta mehatxuak izugarriak. Baina utopia eta hiri lagunkoien esentzia euren bihotzetan gordetzen dutenek beti izango dute ikuspegi on hori. Eta benetan sinisten dut gure bihotzetan, bazter batean bada ere, badagoela. Bidai honetan esfortzua jarri eta oztopoak gainditzen joatea izango da gure bizitzei zentzua emango diotena."

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to Twitter