Euskadi Lagunkoiara atxikita dauden udalerrietako kide batzuek International Federation of Ageing-ek (Zahartzearen Nazioarteko Federazioa) bultzaturiko ekimenean parte hartzea erabaki dute. Besteak beste, euren hausnarketak bidali dizkigute lagunkoitasunaren esanahia zer den eta lagunkoia zer den eta zer ez den azalduz.

Jon Fernández Sánchez, psikologoa eta Durango Lagunkoiako koordinatzailearen hausnarketa

"Durango Lagunkoiako koordinatzailea naiz, 31 urte ditut eta artikulu hau proiektu honetan aurkitzen diren pertsona nagusien izenean idazten dut. Aurrekoan, sarritan egiten ditugun bileretako batean, talde eragilea osatzen duten 10 pertsonei artikulu bat idazteko proposamena iritsi zitzaigula azaldu nien, non lagunkoitasuna gure ustez zer den azaldu behar genuen. Artikulua beraiek idazteko iradokizuna ere egin nien, baina barrezka ezetz esan eta jarraian gai hau jorratzen hasi ginen. 

Gauza asko esan ziren. Elkarteek duten garrantziaz, oztopo arkitektonikorik gabeko inguruaz, zerbitzu publikoak herriguneetatik auzoetara eramateko beharraz... Baina utzidazue erantzunetako bat nabarmentzen. Gizon batek azaldu zuen bezala, berarentzako lagunkoitasuna uda honetan herri batean ikusi zuena izan zen: enparantza eguzkitsu baten erdian kiosko bat aurkitzen zen eta inguruan bankuak itzaletan. Pertsona nagusiak egunero joaten ziren bertara, hutsik egin gabe, bertan dohainik eskaintzen ziren egunkari eta aldizkariak irakurtzera. 

Baliteke lagunkoitasuna hori izatea: pertsona nagusiek dituzten beharrak antzeman eta horretarako beharrezkoak diren guneak, medioak edo moduak eskaintzea, eurek beraien modura erantzuna eman diezaioten ikusten duten beharrari." 

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to Twitter