Euskadi Lagunkoiara atxikita dauden udalerrietako kide batzuek International Federation of Ageing-ek (Zahartzearen Nazioarteko Federazioa) bultzaturiko ekimenean parte hartzea erabaki dute. Besteak beste, euren hausnarketak bidali dizkigute lagunkoitasunaren esanahia zer den eta lagunkoia zer den eta zer ez den azalduz.

 

Azkoitia Lagunkoia talde eragilearen ekarpena

"Pertsona guztioi eragiten digun zerbait baldin badago, hori denboraren igarotzea da. Bizirik baldin bagaude, nahita nahiez zahartu egiten gara. Gaztetasunari neurriz kanpoko garrantzia emateak, zahartzea zerbait tristea eta negatiboa bezala ikustera garama. Azkoitia Lagunkoian aukera bat bezala ikusten dugu hau, ordea. Ibilaldi osasuntsuak egiteko aukera, interneteko ikastaroak, hitzaldiak, etab. Gure azken eguneraino bizi kalitate hoberenarekin bizitzea da gakoa. Eta hori horrela izateko hainbat faktore izan behar dira kontutan: ekonomia, etxebizitza, irisgarritasuna, familia, bizi soziala eta parte hartzea. Gure helburua pertsona guztiok zahartzaro on bat edukitzea da. 

Bakardadea XXI. mendeko gaitzik handienetarikoa da eta Azkoitia Lagunkoiak pertsonak bakarrik senti ez daitezen lagundu nahi du. Garrantzitsua da gizarteari pertsona nagusiak, euren esperientzia eta bizipenekin gizartearentzako balore garrantzitsu bat direla azaltzea, errespetuz, zainduz eta aitortuz. 

Denok egin dezakegu zerbait eta Azkoitia Lagunkoiak zahartze aktiboa sustatzen duen foro aparta eskaintzen du. Guk nahi izanez gero, esfortzu pixka batekin gauza asko hobetu ditzakegu. Gainera, pertsona bat bakarrik doanean azkarrago iritsi daiteke, baina norbaitekin baldin badoa urrutirago iritsiko da". 

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to Twitter