Bilboko Udaleko ordezkari talde batek Bartzelona bisitatu zuen zahartzearen inguruan garatzen ari diren ekimenak, programak eta ekintzak ezagutzeko.


2018an Jardunbide Egokien Saria irabazi zuten “Mirada Activa” programarekin. Elkarrizketa bat egin diegu bidai honetan ikasi eta bizi izan dutena azaldu eta Euskadi Lagunkoiarentzako interesgarriak izango liratekeen ekimenak ezagutzeko.


Mirada Activa programak Euskadi Lagunkoiako Jardunbide Egokien Saria irabazi zuen. Programa zertan oinarritzen den azaltzerik izango zenuke?
Programa honek Bilbon bakarrik aurkitzen diren, eta horrela egotea nahi ez luketen pertsona nagusiak topatzea du helburu, besteak beste, euren egunerokotasunean oinarrizko beharrak asetzeko zailtasunak dituztenak edo laguntza sareak topatzeko laguntza behar dutenak. Egoera hauek antzemateko hiritarren eskuhartzea beharrezkoa duen proiektua da.


Ze esanahi izan zuen zuentzako sari hau irabazteak?
Batez ere, programa hau osatzen duten pertsona nagusien eta euren elkarteek egiten duten esfortzuari aintzatespena, eurek baitira programa honen motore nagusia. Halaber, pertsona nagusiek pairatzen duten bakardade egoerari bizkarra ez ematen laguntzen du. Garapenaren ikuspegia kontuan hartuz, hiritarrek parte hartzeko bidean jarraitzen duen programa da, egunetik egunera indartsuagoa dena.

 

Ekimen hau, aurkezturiko 28 proiektuen artean aukeratua, bakardade egoeran aurkitzen diren pertsona nagusiei zuzendua dago. Nola zuzendu duzue programa azken urte honetan?

2018an Bilboko Udalak “Nagusi kafegunean” ekimen berria jarri zuen martxan, bizilagunen arteko SARE trinkoa eratzen duena kafe bat hartzeko aitzakia kontuan hartuta.
2019an bakardadean edo egoera delikatuan aurkitzen diren pertsona nagusiak antzemateko helburuarekin jarraitzen da. Gainera, sare lagunkoiaren barruan pertsona nagusi gehiago sartzen dira eta Bilboko auzo gehiagotara zabaltzen da. Nagusien elkarteek egiten duten lanari gehitzen zaion balore bat da.

 

Zertan aurreratu duzuela iruditzen zaizu?

Urte hauetan emandako pausoekin bakardadea oso sentimendu pertsonala dela esan dezakegu, errespetutik begiratu behar dena. Bakardade egoeran aurkitzen diren pertsonak antzeman eta bideratzeko Udala geroz eta baliabide gehiago martxan jartzen ari da. Hasiera batean, “antenak” pertsona nagusiak izan dira, denborarekin herritar guztietara zabaltzen joan direnak.
Formatu ezberdinak erabili dira, elkarrizketak, etxeetara bisitak, errolda bidezko datuen lorpena, auzoetako udal zentroetan aurkezpenak…
Horrez gain, 2018an zehar, antzemate ekimenarekin jarraitzeaz gain, pauso berri bat ematea erabaki da horrela nahi duten pertsona nagusiei zuzenduriko eskuhartze prozesua hasiz euren ezaugarri, gogo eta lehentasunak kontuan hartuz.

 

Iñigo Pombo, aurreko legealdian Bilboko Udaleko Gizarte Ekimeneko Zinegotziak saria jasotzean esan bezala, “Udalak eginiko lan eta esfortzuari aintzatespena da, gure hirian aurkitzen den pertsona talde kalteberari, bakarrik aurkitzen diren pertsona nagusiei, alegia, zuzenduriko ekimen ugari martxan jarri dituena”. Ekainaren 18, 19 eta 20an Bartzelonara egin zenuten bidaian, hiriko ordezkariekin zuen ezagutza elkarri emateko aukerarik izan al zenuten?

Gehienbat informazioa lortzeko balio izan digu, baina jakin badakigu Bartzelonako Udalak Bilbon egiten ari garenaren berri bazuela eta gure programekin alderatzeko ere aukera izan dugu aurrera egin eta garatzeko.

 

Zer azpimarratuko zenuke Estrategia eta eskubide sozial eta politikoen garapen Zuzendariarekin izandako bileraz?
Udalak beste 700 entitateekin batera gizarte politikak antolatzen dituen Inklusioa eta 2017-2027 ezberdintasunen estrategia sinatu izana. Korporazio eta elkarteen arteko lidergoa partekatzen duen ekimena. Udalak dituen baliabideekin ez da nahikoa eta arrazoi horregatik gizartearekin bultzatzen dute elkarlana, sare zabala daukate eta boluntariotza auzo eta barruti guztietan hedatuz. Instituzioko lanean barneratua dago.

 

Bi hirien artean sinergiak sortzeko aukerarik ikusten al duzue?
Komunitatean eskuhartzeko politikei buruz eta sarean lana egiteko moduaz asko ikas dezakegu, baina beti ere, euren barruti bat Bilbo bezain handia dela kontuan hartuz.

 

Hainbat programa ezagutu dituzue: SAUV, Programa Vincles, Programa Radars eta Amis de la Gente Gran. Zer iruditu zaizkizue?

SAUV ez da hemen martxan jartzeko programa bat, seguraski Euskadi eta bereziki Bilbon, ez da ezaugarri horietako zerbitzu bat behar dependentzia balorazioa ez delako hainbeste luzatzen ezta baliabideen esleipena ere.
Vicle programa oso interesgarria da, hona ekartzeko modukoa. Pertsona nagusien lagunartea zabaltzeko programa da.
RADARS programa “Mirada Activa”ren oso antzekoa da, boluntariotzak egiten duen lana izugarria da. Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetan oinarritzen da eta horrek herritarren, Udalaren eta programaren arteko gertutasuna suposatzen du.
Amis de la Gente Gran programan ere oso argi ikusten da pertsona boluntarioek bakardade egoeran aurkitzen diren pertsona nagusiei laguntzeko modua.

 

Eukadi Lagunkoiarekin badute zerikusirik?
Bilbon dagoenarekin bakarrik alderatu ahal izan dugu. “Mirada Activa”programak zahartzen doazen pertsonen osasuna, seguritatea eta parte-hartzea hartzen ditu kontuan eta horretarako, Bilboko Udalak zeharka lan egiten du Udaleko sail guztiak kontuan hartuz.

 

Horrela lan egiten al dute Bartzelonan?

Bai, baina han hiriko barrutietatik koordinatzen dira eta gizarte zerbitzuetako zentroak erreferenteak dira auzo bakoitzeko ikuspegia ezagutu eta alor bakoitzean dituzten ezaugarri eta baliabideekin. 

 

Bilbon pertsona nagusiz osaturiko 53 elkarte zarete programan parte hartzen ari zaretenak. Horrela lan egiten al dute Bartzelonan?
Ez, bertan komunitate zentzua ez da pertsona nagusiengan bakarrik oinarritzen, komunitate osoan baizik. Boluntariotza ere alor guztietan egiten da, ez bakarrik gizarte arloan, baizik eta denbora librean, kulturan, arte eszenikoetan…

 

Habitatges am Serveis de Navas bisitatu duzue. Zer den azaltzerik izango zenuke?

Bartzelonako zonalde batean bisitatu genuen proiektua da, zerbitzu amankomunak dituzten pertsona nagusientzako banakako apartamentuak dira, euren artean erlazionatu eta autonomia mantentzeko. Etxebizitzaren kalitatea, ingurua, zerbitzuak, instalakuntzak, gizarte zentroa, osasun zentroa eta haurtzaindegia eraikin berdinean aurkitzen dira. Oso integratzailea.
Esleipena Etxebizitza Sailarena da eta Gizarte Zerbitzuak ez du erabakitzen zeini eman behar zaion apartamentua, ondorioz, herritar guztiek egin dezakete eskakizuna prozesu berdintzaile eta zuzen bat bermatuz.

 

Eta Superilles?
Hain hiri handia izanik, etxaditan banatzen dira, etxebizitza bloketan edo kaleetan banatzen dira antzekotasunak, zerbitzuak, gertutasuna… kontuan hartuz. Zerbitzuak zonaldeka eskaintzean oinarritzen da, batez ere etxebizitzetara ematen den laguntza zerbitzua (familiarteko langileak eta garbiketa laguntzaileak), denborak aurreztu eta zerbitzu kalitate hobeagoa lortuz zerbitzua ematen duten pertsonak zainduz. Beraien dioten bezala: “gertuko talde lan bat”.
Gasteizen horrelako zerbait egitea pentsatua daukatela uste dut Zabalgaba auzoan mugikortasuna eta jasangarritasunaren alorretan. Bilbon horrelako froga pilotu bat egitea pentsatu daiteke hiriko auzoren batean eta emaitzak aztertu. 

 

Bartzelonan “Comidas en compañía” programa lantzen ari dira ere… Programa interesgarria al da?
Bilbon proiektu bat lantzen ari gara: pertsonak elkarrekin egoteko balioko lukeen jangela bat. Modu honetara, pertsona nagusiak etxetik atera, prestatu eta euren artean egoteko aukera ematen duena, bazkaltzeaz gain.
Otxarkoagako auzoan izango litzateke, horretarako erabili daitezkeen lokal batzuk daudelarik.

 

Bilbon horrela zerbait ba al dago? Edo ekarri egin beharko litzateke?
Momentu honetan, Bilbon zahartze aktiboko modeloari buruzko erreflexio bat burutzen ari gara. Belaunaldi berrietako pertsona nagusien profil aldaketaz jabetu gara eta orain arte elkarte ereduak balio izan badu ere, beste momentu batekoa da. Eztabaida eredu integratzaile baten artean edota pertsona nagusientzako batean oinarritzen da.

 

Zerbait gehiago esango al zenuke?
Boluntariotzako elkarteekin aurrera eramandako proiektu berritzaileez hitz egin ziguten, besteak beste, zine jaialdi batean pertsona nagusiek parte hartu eta eurek antolatu izana euren laburmetraiak ekoiztuz, baita edaderik gabeko bizikletena… turistentzako zerbitzu bat zela pentsatzen genuen, ordea, pertsona boluntarioak dira pertsona nagusiei hirian zehar enkargu bat egitera edo antzeko zerbait egitera laguntzen dietenak.

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to Twitter