-
21 Iraila 2020

Iaz, Afagi, Alzheimerra edo beste dementzia batzuk dituzten pertsonen, lagunen eta senitartekoen Gipuzkoako elkarteak, AI DŌ PROJECT Dantza Konpainiarekin elkarlanean, bigarren Accesit saria jaso zuten "Lagunkoitasuneko Jardunbide Egokien Sariak 2019", Alzheimerra duten pertsonei zuzendutako "Invisible Beauty" proiektu sozialagatik.
Alzheimerraren Nazioarteko Eguna dela eta, gehiago jakin nahi izan dugu proiektuaren bilakaeraz eta eman dituzten pausoez.
- Marisa, proiektuak oso harrera ona izan zuen hasieratik. Zer bilakaera izan du?
Proiektua 2013an jarri genuen martxan. Lehen pausoa oso erraza izan zen, AFAGIren egoitza sozialean topaketa bat izan genuen tailerren erabiltzaile batzuen eta Iker Arrueren artean. Parte-hartzaileekin AI DŌ PROJECTeko dantzariek, koreografia-materiala sortzeko modua, hau da, mugimendua partekatu zuen.
Lehen urteetan proiektua modu puntualagoan eraman zen aurrera, AI DŌ PROJECTek ez baitzuen laguntza edo finantziazio espezifikorik proiektua garatzeko. Hasieran Ikerrek egiten zituen Invisible Beautyren topaketak. Geroago, AI DŌ PROJECT sormen lanak egiten ari zela aprobetxatuz, konpainiako beste dantzari batzuk elkartzen ziren topaketetan. Une horretan, parte-hartzaileen gaitasunetara egokitutako dantza-piezak zuzenean taularatu genituen.
2017an lehenengo diru-laguntza eskatu genuen eta Kutxa Fundazioak emandako laguntzari esker, proiektua sendotzen hasi zen. Ordutik, konpainiak hainbat laguntza jaso ditu, eta, horri esker, proiektuaren aurkezpen publikoak, mahai-inguruak eta topaketak egin ahal izan dira beste profesional batzuekin, gaixotasunaren eta proiektuaren sentsibilizazio- eta kontzientziazio-jardueren barruan. Urriaren 2an, ostirala, esaterako, proiektuaren aurkezpen publiko berri bat egingo dugu Pasai Antxon, eta, jakina, jende ugari etortzea espero dugu! Azken ikasturte honetan egindako lana partekatzeaz gain, konpainiak bere koreografia bat taularatuko du zuzenean.
Apurka-apurka, lantegietako beste talde eta erabiltzaileak integratzen ari gara topaketa hauetan, hala nola Errenterian, Irunen.
BIDEOA Invisible Beauty Documentary
- Bidali dizkiguzuen argazki eta bideoetan ikus dezakegu dementzia duten pertsonek klaseak gogotsu jarraitzen dituztela eta, gainera, motibatuta daudela.
Topaketetako batean dantzariek antzezlan bat aurkeztu zuten, non ia 10 minutuz testua errezitatzen zuen aktore bat integratzen zen. Beldur ginen parte-hartzaileak ez ote ziren gai izango edukia ulertzeko, edo ez ote ziren piezatik bereiziko, testuak adingabeei egindako abusuaz hitz egiten baitzuen... baina esperientzia estetiko, musikal eta emozionalak (beste batzuetan bezala) parte-hartzaileak erakartzea eta hunkitzea lortu zuen, eta Dinah Washingtonen soinuarekin dantzan ari ziren bitartean erabiltzaileak entregatuta eta dantzarien besoetan ikustea une ahaztezin horietako bat izan da.
Egia esan, une batzuetan parte-hartzaileen gaitasunek harritu gaituzte. Agian adierazgarrienetako bat Antzoki Zaharrean duela pare bat urte egin genuen proiektuaren aurkezpen publikoan izan zen. Tailerretako lau erabiltzailek (Alzheimerra zuten pertsonak) eszenatokira igo ziren eta tailerretan egindako zenbait ariketa jendaurrean eta konpainiako dantzariekin batera erakutsi zituzten. Antzokia ia beteta zegoen, eta oso polita izan zen beren besaulkietan eserita zeuden 400 pertsona horien aurrean jartzeko gai zirela ikustea.
"Invisible Beauty" proiektuko web orria
- Pandemiak mugatu egin ditu jarduerak eta kontaktu fisikoa; iritsi al zarete erabiltzaileengana denbora honetan?
Covid-19aren krisiak aldaketa eragin du oso ahulak diren pertsonekin aurrez aurre egiten ditugun jardueretan. Gure eslogana jarraituz, "Zuk zaintzen duzu, guk zaintzen zaitugu", teknologia berriak erabiliz komunikazio modu berriak jarri ditugu martxan. Telefonoak eta bideokonferentziek familiei laguntzen jarraitzeko aukera eman digute, bai Alzheimerra dutenei, bai haien senide zaintzaileei. Hala ere, aurrez aurreko arreta, banakakoa zein taldekoa, ezerk ez duela ordezten uste dugu. Hemendik aurrera, bi arreta-modu horiek bateragarri egitea egokituko zaigu.
- Iker, errekonozimendu saria jaso zenutenean esan zenuen baliagarria izango zitzaizuela proiektua beste lurralde batzuetara zabaltzeko. Badakit garai zailak direla, baina hedapen hori hasi al duzue?
Garai zailak bizi ditugun arren, oso pozik gaude galderari baiezko erantzuna emateagatik. Proiektua hedatzen ari da, momentu honetan hainbat erakunderekin ari gara lanean proiektua beste herrialde batzuetan ezartzeko eta azken urteetan garatutako metodologia haiekin partekatzeko.
Sylvia Montero zuzendariaren bitartez, Costa Ricako Dantza Konpainia Nazionala proiektua prestatzen ari da irailean martxan jartzeko. Aurreko edizioetako materiala erakundearekin partekatzeaz gain, 2020/21 ikasturtean egingo ditugun topaketetarako prestatzen ari garena ere bidali diegu.
Azken hilabeteetako egoerak aurrez aurreko topaketak egiteko aukerarik eman ez digun arren, lan-koaderno batzuk egiteko denbora eman digu, erabiltzaileek tailerretara presentzialki joan gabe trebatzen jarrai daitezen.
Bestalde, Erasmus +, Dementia in Cultural Mediation DCUM proiektuan parte hartzen ari gara. Europako proiektu honen bidez, gure proiektuaren egitura eta edukia partekatzen ari gara Europako beste herrialde batzuetako erakundeekin. Helburua da DCUM osatzen duten erakundeek gure ekimen osoa edo zati bat beren lurraldeetan ezarri ahal izatea. Eta alderantziz, guretzat oso aberasgarria izaten ari da garatzen ari diren edo inplementazio-prozesuan dauden beste proiektu eta esperientzia batzuk ezagutzea, eta asko ikasten ari gara horietatik. Matia Fundazioari esker eskuratu dugu DCUM proiektua, neurri handi batean Invisible Beauty proiektua "Lagungoitasuneko Jardunbide Egokien Sariak" ekimenean ezagutzera emateak ateak ireki dizkigu azken bi edizioetan jaso ditugun aipamenei esker (proiektu finalista 2018an eta accesita 2019an).
Dantza-konpainia garen aldetik, bi urterako Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso berri dugu gure jarduerak garatzeko, besteak beste, Invisible Beauty proiektu soziokulturala zabaltzeko. Zalantzarik gabe, Lagunkoitasuneko Jardunbide Egokiak Sarietan lortutako aintzatespenak ere eragina izan du; izan ere, Invisible Beauty da konpainiaren gainerako jardueren ardatz nagusia, eta, beraz, mota horretako sariek beti eragiten dute beste erakunde batzuek proiektuari laguntzeko moduan. Laguntza horri esker, erakunde berriekin lankidetzan hasi ahal izan gara, hala nola, Errenteriako Niessen Auditoriumarekin, Iruñeko Lafaktoriarekin eta Bilboko Dantzerti elkartearekin.
Iker Arrue, Ai Do Project-eko zuzendari artistikoa, eta Marisa Ortigosa, Afagiko zuzendaria, Zanbranan ospaturiko "2019ko Lagunkoitasun Jardunbide Egokien Sarietan".
- Irailaren 21ean, Dementzia duten Pertsonen Nazioarteko Eguna ospatzen dugu. Zuen ustez, gizartea kontzientziatuta dago gaixotasunarekin?
Oraindik bide luzea dugu egiteko, kaltetutako pertsonen isolamendu soziala agerikoa baita. Bizi dugun estigma handia gizarteratzeko oztopo bat da; horri aurre egitea guztion ardura da, eta komunikabideek asko lagun dezakete sentsibilizazio- eta kontzientziazio-lanean. Denon artean, Alzheimerra edo beste dementzia batzuk dituzten pertsonekin bizitzeko gai den ingurune solidarioa bultzatzera behartuta gaude.
- Euskadi lagunkoiak buru-belarri dihardu dementzia duten pertsonen errealitatea gizarteratzen, haien zainketekin eta etxebizitzek beren bizitza erosoago egiteko izan beharko lituzketen ezaugarriak zabaltzen. Nola ikusten ditu Afagik orain arte emandako pausoak? Zuen bazkideen artean zabaldu al dituzue dauden gidak?
Euskadi Langunkoiak dementzien inguruan eman dituen urratsek asko balio izan dute, oso baliogarriak dira dementziarekin lagunkoia den Euskadi eraikitzen jarraitzeko.
Jakin badakigu giden dibulgazioak bere fruituak eman dituela, "Dementzia lagunkoia den Euskadi Eraikitzen" gidan adierazten da nola lagun diezaiekezun dementzia duten pertsonei eta non lor dezakezun informazio gehiago; beraz, badira Gidarekin Elkartera hurbiltzen diren pertsonak, farmazia batean edo lagunen edo senideren baten bidez lortu dutelako.
Jakina, "Dementziekin lagunkoiak diren etxebizitzak izateko gida" gure bazkideei ezagutarazi diegu, eta konfinamendu-etapan arrakasta handia izan du, etxebizitzak egokitu egin behar baitira seguruagoak izan zitezen.
- Eta azkenik, elkarteak zer antolatu du gaurko egunerako?
Gure gizarte-erantzukizunarekin bat etorriz, aurten ez dugu Kontxako barandan giza kate solidarioa programatu. Hala ere, guretzako ezinbesteko da horrelako ekitaldiak aurrera eramatea gure jarduera, sentsibilizazio- eta ikusgarritasun-lana komunikabideen bitartez zabaltzeko. Gaixotasuna ezagutarazteko aukera gutxi ditugu, eta kontzientziazioa ezagutzatik hasten da.
Afagiko kideak, Maite Peña, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako Diputatuarekin egindako bileran.