Pertsona Nagusien Nazioarteko Egunari lotuta, Santiago Larburu (Zumaia, 1953), EuskoFederpeneko Presidenteari elkarrizketa egin diogu. Federazioa 1982. urtean sortu zen “Federación Vasco Navarra” izenburupean, baina orain dela 3 urte, EuskoFederpen izena hartu zuen.

Elkarrizketa ikusi

Mediku zirujau jubilatua, osasungintzatik gizarte arlora egin du salto. Bere ibilbide eta ikuspegi aberatsak zahartze aktiboa, Nazioa Batuen helburuak, Euskadi Lagunkoia, COVID19a sortzen ari den eragina eta egungo egoera objetiboki eta seriotasunez lantzeko aukera ematen du.

Normalean, norbait jubilatzen denean, lana alde batera utzi eta denboraz disfrutatzeko momentua dela esaten du, zuk ordea, Federazioko Presidentea izateko pausoa eman duzu. Zerk eraman zaitu pauso hau ematera?

Nire ustez ez dira bateraezinak aisia eta horrelako ekimen batean parte hartzea. Pausoa Txema Odriozolaren dei baten ondorioz eman nuen, bera 15 urtez izan da Federazioko Presidentea. Nire ustez, omenaldi berezi bat egin beharko litzaioke lan asko egin baitu Federazio honen alde, erakundea handituz eta pertsona nagusien eskubideen alde lan andana burutuz. Dei horrek, pertsona nagusia naizela konturatu arazi zidan, orain pertsona nagusia naiz. Nire ustez mundu honetan solidaritaterako eremu bat izan behar dugu eta horregatik sartu nintzen Federazio honetan, nire aldetik ahal dudan guztia egingo dut aurrera eramateko.

Oraintxe bertan, maskarak mahai gainean ditugu, COVID-19aren ondorioz pairatzen ari garen pandemiaren ondorioz. Mediku bezala, nola bizitzen ari zara egoera hau?

COVID-19a modu bortitz batean aurkeztu da. Abenduan, Txinan, dagoeneko epidemia moduan agertu zela bagenekien arren, ez genuen uste gurean horrelako eragina izango zuenik, ezustean harrapatu gaitu. Pandemia hau kontrolatzeko jarri zitezkeen neurriek huts egin dute. Ekonomian oinarrituriko gizarte honetan zutabetako batek huts egin du gainera, osasunak. Profesionalek ez dute huts egin, euren lana goraipatzekoa baita, baina medizinak eta pertsona nagusien zaintzak bai. Hemen, ekonomiak eta osasunak talka egin dute eta, modu batera edo bestera, ongizate egoera batetik ondoezara jo dugula esan genezake.

Urriaren 1ean, Nazioarteko Pertsona Nagusien Eguna ospatzen dugu eta aurten Nazio Batuen erakundeak lema berria aukeratu du “Pandemiak, zahartzaroa lantzeko modua aldatzen al dute?”. Zer iradokitzen dizu esaldi honek?

Pandemiak gizarte osoari eragin dio, hau da, gizarte guztia ari da gaixotasun honen ondorioak pairatzen. Hala ere, bereziki, pertsona nagusiei eragiten ari da gehien. Gizarte hauskor batean bizi garela konturatu arazi gaitu egoera honek, bai banaka, baita kolektiboki ere. Pertsona nagusiak, zahartuagoak daudenez, oraindik zaurgarriagoak dira eta horrek heriotza gehiago eragin ditu. Gizaki bezala, zahartzaroa bizitzaren etapa naturala bezala onartu behar dugu, Standfordeko estudio batek dioen bezala, zahartzaroa 34 urterekin hasten baita.

Zahartzaroa errealitatea da eta gizartearen onarpena behar dugu, pertsona bat jubilaziora iristen denean produktiboa ez delako alboratzea ez da onargarria. Ondorioz, esaldi honek, zahartzaroa beste modu batera landu behar dugula iradokitzen dit, zahartzaroa berrasmatu egin behar dugula, gure etorkizuneko bizitza baita.


COVID-19aren bilakaera jarraitzen duzula jain badakit. Egunero gaude medio ezberdinetatik, irratia, telebista… pandemiari loturiko datu berriak jasotzen. Nola uste duzu eragingo duela egoera honek planifikazioan eta politiketan?

Pandemiak gure gizartea berrasmatzera eramango gaitu eta nahita nahiez, gauzak aldatu beharko ditugu. Momentu honetan bizitzen ari garen osasun krisiari, krisi ekonomiko larri batek jarraituko dio eta tamalez, osasuna oso garestia da eta ez gara jabetzen garestia dela. Momentu honetan osasuna eskaintzeko erabiltzen ditugun prozesuak aldatu beharko ditugu. Prozesu horientzako baliabideak mugatzen baldin baditugu, desberdinak izan beharko dute, baina ez dute zertan okerragoak izan beharrik.

Aurtengo helburuetako bat pertsona nagusien osasunaren inguruan sentsibilizazioa sortzea da. EuskoFederpeneko Presidente bezala, nola ikusten duzu ideia hau eta nola iruditzen zaizu Euskadi Lagunkoiatik bideratu ahal izango litzatekela?

Gizarteak, pertsona nagusiek bezala, erreakzionatu behar du. Momentu honetan bizitzen ari garen enfrentamenduak ez du zentzurik; espezie bezala iraun badugu, solidaritateari esker da, desagertzeko arriskuan egon gaitezke. Adibidez, pertsona nagusiei beldurra sartzen digute geroz eta gehiago garela esanez, gizartea zaharkitua dagoela, pentsioak arriskuan daudela dirurik ez dagoelako, gure ongizate gizartea ere arriskuan dagoela… gauza guzti hauek min egiten digute. Gizarteari eskatzen dioguna merezi dugun aitortza da; gizartea aberasten jarraitu nahi dugu, orain lagunduz eta okerrago jartzen garenean zaindu gaitzatela, eta horregatik, pertsona nagusi bezala, bat egin behar dugu elkarteetan parte hartuz, bestela, ez dugu sekula ahotsik izango eta gizarteak urruneko zerbait bezala kontsideratuko gaitu. Elkarrizketa ireki bat nahi dugu instituzio eta agintariekin gure eskakizunak entzun ditzaten. Laburbilduz, aktiboak izan nahi dugu eta gizartea aberasten jarraitu.

Euskadi Lagunkoia Eusko Jaurlaritzaren oso proiektu interesgarria da. Bere helburua pertsona nagusientzako ingurune lagunkoiak lortzea da, baina hau zahartze aktiboaren hanketako bat da soilik. Gaur egun ahalduntzea deritzogunarekin lotu behar dugu, besteak beste, gure autonomia balioan jartzearekin. Eta beste hanka bat gobernantza partekatua izango litzateke, hau da, gizartean parte hartu gure ahotsa entzun dadin. Horiek izango litzateke zahartze aktiboak dituen hiru hankak.

Aurten, Euskadi Lagunkoia Nazioa Batuek urriaren 1erako atera duten lemara gehitu da, zahartze aktiboa sustatzen duena. Honi lotuta, Euskadi Lagunkoiara atxikita dauden 66 herrietako talde eragileei pandemian zehar, martxotik irailera, atera dituzten bideo eta argazkiak bidaltzeko eskatu diegu. EuskoFederpeneko Presidente bezala euskal gizartea zahartze aktiboarekin kontzientziatua dagoela iruditzen zaizu? Praktikan jartzen dela uste al duzu?

Nire ustez bai, pandemiak solidaritate keinu asko utzi ditu agerian. Besteak beste, osasungintzako profesionalek, pertsona nagusiak zaintzen dituztenek, zerbitzuetan ibiltzen diren langileek… egindako lana izugarria izan da eta denei euren esfortzua eskertu behar zaie, izugarrizko ikasgaia eskaini baitute.
Zahartze aktiboari dagokionez, pertsona jubilatuak bere bizitzarekin zer egin nahi duen erabakitzeko eskubidea duela iruditzen zait. Nahi duenak aisirako erabiliko du denbora, beste batzuk elkarte batean emango dute izena euren autoestimua sendotzeko. Zer behar dugu horretarako? Parte hartzeko bideak zeintzuk diren ondo zehaztu eta informatu, asko baitira. Bakoitzak bere kanala aukeratu dezala autoerrealizatzeko.


Irailaren 7an, “Lagunkoitasuneko Jardunbide Egokien Saria”-n parte hartzeko epea amaitu zen. Aurten, lehenengo aldiz, EuskoFederpeneko Presidente bezala, epaimahaiko kide izatea egotzi zaizu, proiektu irabazlea aukeratzeko arduradunetako bat zarelarik. Nola ikusten duzu zure burua?

Egia esan, ilusio handia egin dit. Aurkeztu diren proiektuak ezagutzeak asko erakutsi dit pertsona bezala, eta lehen aipatu dugun solidaritateak sekulako presentzia duela konprobatzeko balio izan dit. Niretzat ikasteko modu bat izaten ari da, azkarra gainera; osasungintzatik nator eta gizarte munduan sartzen ari naizen honetan zur eta lur uzten ari nauten proiektuak ezagutzen ari naiz. Ezagutzen ez ditugun proiektu asko daude, mota ezberdinetakoak, eta batzen hasi beharko ginateke, elkarteen sare baten bitartez, gure artean elkar ezagutu gaitezen eta ditugun baliabideak partekatu ditzagun, denon artean proiektu garrantzitsuagoak egiteko.

Askok, 2020. urtea, urte negargarria bezala bizitzen ari dira, abenduaren 31a iristeko irrikitan daude egutegiko azken orria kentzeko. Nola ikusten duzu 2021. urtea, itxaropenik ba al dago?

Nik, pertsonalki, ez dut behar dena baino lehenago zahartu nahi. Egunean egunekoa bizi nahi dut eta abenduaren 31rarte geratzen zaizkigun egun guztiak intentsitatearekin bizi nahi ditut. Arazoak daudenean, tunel batean egongo bagina bezala irudikatzen dut egoera; orduan egon behar dugu inoiz baino batuago, inoiz baino gertuago, eskutik hartu eta argirantz jo, seguruenik, argi bat izango dugu amaieran. Ez dugu itxaroten egon behar argi hori bere kabuz iristera, gu gara aurrera egin behar dugunak eta horretarako batera egin behar dugu lan.

 

Elkarrizketa ikusi

larburu bideoa 2

 

 

 

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to Twitter