Martxoaren 11n, José Antonio Suso Lezako alkateak eta Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte politiketako sailburuordeak udalerria Euskadi Lagunkoia Sarera atxikitzea sinatu zuten. Gaur, 7 hilabeteren ostean, Alkateari elkarrizketa egin diogu ekimenaren bilakaera eta helburuak ezagutzeko.

Jose Antonio, 7 hilabete igaro dira Lezak Euskadi Lagunkoiarekin bat egin zuenetik. Zer suposatu du batasun horrek udalerriarentzat?

Zoritxarrez, pandemiarekin bizi izandako egoeraren ondorioz, aurten aurreikusitako jarduera asko gelditu egin dira. Horregatik, ia bi bilera baino ez ditugu egin talde eragilearekin. Pandemia gutxitzen joatea espero dugu pendiente ditugun bilerak egin ahal izateko. 

Euskadi Lagunkoiaren helburuen artean udal-eremuan adinekoen parte-hartzea sustatzea aurkitzen da. Talde eragilea sortu dela esan didazu. Zenbat pertsonak osatzen dute?

Bai, pandemiaren aurretik egiteko denbora eman zigun gauza bakarrenetakoa da. Sei pertsonak osatzen dute talde eragilea, gizonak eta emakumeak modu parekidean sartzea nahi izan dugu, argi eta garbi adierazi baitute programak beste udalerri askotan garatzen ari diren ildoetan aurrera egiteko interesa. Baina, tamalez, ezer gutxi gehiago egin ahal izan dugu eratu zenetik.

Sinadura honen bidez, udalerriak konpromisoa hartzen du zahartze aktiboarekin lotutako hainbat helburu jorratzeko. Zeintzuk dira herriak dituen erronkak?

Landa-eremuko herri gehienetan bezala, 65 urtetik gorako pertsonen portzentaia handia da. Gu ez gara salbuespena.

Gurea bezalako udalerri txiki batean bizitzeak aisialdiko jarduerak hirietan baino modu errazagoan eta praktikoagoan egiteko aukera ematen badigu ere, estrategia eta ekintza-programa bat garatu nahi dugu baldintza osasungarrietan eta esperientzia berriak izateko gogoz dagoen kolektiboarentzat.

Atxikita dauden beste udalerri batzuetan, jardunbide lagunkoietan esperientzia zabala duten herrietara bisitak egin ohi dituzte, beren lan egiteko eta ekintzak ezartzeko modua ezagutzeko. Lezak aurreikusi al du sareko udalerriekin ezagutza trukatzea?

Jakina, programa beste udalerri batzuetako alkateen esperientziaren ondorioz ezagutu nuen, euren udalerrietan egiten ari ziren lanaren berri eman zidatelako eta horregatik jarri nintzen harremanetan gizarte-zerbitzuen sailarekin, gure udalerrian martxan jarri ahal izateko. Logikoa denez, gurea bezalako beste landa-udalerri batzuetan zer egin duten ezagutzeak azkarrago aurrera egiteko aukera ematen digu, abantaila nabarmena izanik.

Aurreko galderari lotuta, azaroaren 4an Arabako batzordea ospatuko da, eta bertan bilduko dira eskualdeko udalerriak. Lezak parte hartuko du topaketan?

Ziur aski parte hartuko dugu, salbu eta gure agendak hori egitea eragozten badigu udal honetako zinegotziok hartutako gainerako konpromisoengatik. Baina, printzipioz, gure interesa beste herri batzuetan egiten ari direna ezagutzea da eta horrelako jardunaldi batean asko aurreratu daiteke ildo horretan.

leza ayuntamiento

Irudia: Lezako Udala

Datorren abenduaren 4an "Covid-19 Lagunkoitasuneko Europako Jardunbide Egokiak IV. Jardunaldia" ospatuko dugu. Hitzordura joateko asmoa duzue?

Izena eman dut eta asistentzia-formatua zein izango den jakiteko zain nago, aurrez aurre edo bideokonferentzia bidez, udal honetako kideren baten asistentzia antolatu ahal izateko.

Pandemiak oro har herritar guztiei eragin die, eta bereziki adinekoei. Nola eragin dio birusak Lezari? Zer neurri hartu dira COVID-19ri aurre egiteko? Eta, azkenik, egin al da ekintzarik pandemian zahartze aktiboa sustatzeko?

Pandemiak landa-ingurunean eragin txikia izan du, eta hala gertatu da gure udalerrian. Lezak mahats-bilketa lanak egitera etorri diren pertsona asko hartu ditu, eta kasu jakinen batean izan ezik, pandemiaren ondorioak saihesteko aukera izan dugu. Gainera, kasuak arinak izan dira.

Pandemian zehar, gure biztanle zaharrenek kontaktua saihestu dute jende asko ibiltzen den lekuetan. Ibilaldiak, baratzeko lanak eta familia-harremanak izan dira sarrien eman diren egoerak. Ekintza horiek ez dira zahartze aktiboko programetan txertatu behar, baina landa-ingurunean zahartze aktiboa sustatzea ahalbidetzen dute, osasun-segurtasunarekin gainera.

Beste zerbait gehituko zenuke?

Espero dut, egungo egoeratik atera ondoren, birusaren immunitatea ahalbidetuko digun txertoa lortuko dugula, eta berriro lan egin ahal izatea itxaropen handia jarria dugun programa hau bultzatzeko.

leza iglesia

Irudia: Lezako eliza

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to Twitter