Durango Lagunkoiako talde eragileak "El podcast de Durango Amigable" irrati ekimen berriari hasiera eman dio. Taldeko koordinatzaile Jon Fernandezek elkarrizketa eskaini digu Miguel del Valle, Montse Llorente, Mari Carmen Lorente, Maribel Navarro eta Javier Lozanorekin batera.

Jarraian, Durango lagunkoiaren bilakaera eta aurre egin beharreko erronkak zein izan diren jakin nahi izan dugu.

Ez galdu elkarrizketa!

Azaroan hasi zarete "el podcast de Durango Amigable" irratsaioa grabatzen. Nola sortu da ekimen honen ideia?

Miguel Del Valle - Durango Lagunkoia, Durangoko adineko pertsonen bakardadea gaia lantzen ari gara. Martxoan, konfinamendua dela eta, gelditu egin zen, eta orain jarduerari ekin diogu berriro, pusoz pauso. Pertsona askok ordu asko egiten dituzte etxean eta iristen zaizkigun albisteak, hainbat bidetatik, negatiboak dira neurri handi batean. Beldurra transmititzen dute. Podcast hau modu batera edo bestera alaitzen gaituzten  albisteekin egitea pentsatu dugu.

Programan udalerriko adineko pertsona desberdinek parte hartzen duzue. Zenbat lagunek osatzen duzue taldea? Eta nola ari zarete esperientzia bizitzen?

Montse Llorente - Taldea zortzi-hamar lagunek osatzen dugu, baina une honetan ezin gara sei pertsona baino gehiago bildu aldi berean gure jardueretarako. Esperientzia oso atsegina suertatzen ari zait.

Zuen solasaldian pandemiaren alderdi positiboak aztertu dituzue. Orain, albiste negatiboak besterik ez ditugunez, eskertzen da horrelako mezuak entzutea. Esango zenigukete zein diren alderdi horiek?

Mari Carmen Lorente - "Momentua" onartzen ikasi dut, inoiz ez nuen imajinatuko hain denboraldi luzean etxetik irten ezinik egongo nintzenik eta, hala ere, gozatu egin dut. Nire lagunak oso garrantzitsuak dira nire bizitzan. Askatasuna baloratu dut, kalera irten nintzen lehen egunean, askatasunaren balioa aitortu nuen. Eskertu egin dut gainera etxe bat izatea: konfinamendu egunetan etxerik gabeko pertsonez oroitzen nintzen, eta ni eskertuta nago. Horrekin guztiarekin, uste dut une bakoitzean askoz ere intentsitate handiagoz gozatzen dudala.

Podcast-a entzutean, ikus dezakegu parte-hartzaile bakoitzak gai jakin bat landu eta azaltzen duela. Nola aukeratzen dituzue gaiak? Eta nola prestatzen dituzue?

Mari Carmen Lorente - Gaiak bakarrik sentitzen diren pertsona horiengan pentsatuz aukeratzen ditut, eta haiengana hurbildu nahi dut, haien bakardadea arintzeko eta sendabelarren propietateekin osasuna eta ongizatea hobetu dezaketen errezetak gogorarazteko.

Nola prestatzen dituzu?

Mari Carmen Lorente - Momentuan gogoratzen ditudanak, nire izebari baserrian laguntzen nion sendabelarrak jaso eta prestatzen. Interneten ere sartzen naiz, ondo egiten dudan ziurtatzeko.

Zer gustatzen zaizu gehien ekimen honetan?
Javier Lozano - Ekimena zoragarria iruditzen zait, informatzaileak benetakoak izatearen berezitasuna du, kaleko hizkera erabiltzen dugulako eta etxeko edukiek lasaitasuna ematen dutelako.

Noiz izango da hurrengo saioa eta nola entzun dezakegu?

Jon Fernandez - Ezerk eragozten ez badigu, gure asmoa 15 egunean behin programa bat egitea da. Programa horiek gure Facebook-eko orrian (facebook.com/durangociudadamigable) ipiniko ditugu, Durangoko tokiko irratian emitituko dira eta Durangoko Adinekoen Zentroak dagoeneko osatuta dituen adinekoen WhatsAppeko taldeetan partekatuko dira. Difusio horietako bakoitza pertsona ezberdin batek egiten du, beraz, ezin gara zehatzagoak izan.

 

 

Jon Fernández, Durango Lagunkoiako koordinatzailea 

Zein izan da Durango Lagunkoia taldearen bilakaera sortu zenetik?
Galdera honek liburu baterako edo trilogia baterako ematen du. Asko laburbilduz, esango nuke taldeak etengabe eboluzionatzen duela, astero talde berri bat dirudi, kezka eta motibazio desberdinekin. Egia da, hasieran, proiektua udalerrian zentratzen zela gehiago, herriko beharrak antzemateko tresna bat bezala, eta alderdi hori jorratzen jarraitzen baldin badugu ere, taldea eboluzionatuz joan da independentzia eta nortasun propio baterantz, eta orain galdera honek irabazi du indar gehiago: "Nola izan gaitezke baliagarriak gu geu?".

Zein fasetan zaudete orain?
Podcastaren moduko ekintzak egiten jarraitzen dugu, ez baitzegoen hasierako ekintza-planean, egin ditugun beste hainbat bezala, baina, aldi berean, gure asmoa proiektua ebaluatzeko prozesu bat egitea da.

Nola eragin die COVID19k zuen planei?
Oso ekintza handia eta konplexua geneukan esku artean adineko pertsonei zuzendua, hilabete batzuk generamatzan prestatzen eta martxoan gelditu egin behar izan genuen, eta ez dakigu noiz ekin ahal izango diogun berriro. Bestalde, proiektuaren logistika dago: online alternatibak bilatu behar izan ditugu eta, aurrez aurre egin ahal izan dugunean aforo arazoak ditugu eta baita beldurra ere. Izan ere, pertsona batzuek nahiago dute oraindik ez bildu, eta, beraz, gutxiago gara. Eta amaitzeko, egin ditzakegun ekintzak ere gaur egungo zirkunstantziek mugatzen dituzte. Hala ere, esango dut oso harro nagoela talde honekin, ez baitu inoiz funtzionatzeari utzi eta erakutsi baitu, doituz gero, baliagarriak izaten jarrai dezakegula.

Zer ekimen lagunkoi egin dira pandemiaren garaian?
1. Durangoko 80 urtetik gorako bikoteen etxeetara egindako deiak, babesgabetasun- edo arrisku-egoerak detektatzeko.
2. Segurtasunez "berriz ateratzeko aholkuak" jasotzen dituen dokumentu bat idatzi dugu. Martxoko konfinamendua amaitu ondoren, bizitzeko arlo desberdinetan jarduera berreskuratzen joan zirenean seguru sentitzen ez zirenentzat.
3. Ibilaldi seguruak: Durangoko auzoetatik ibilaldiak. Durangoko auzo periferiko bakoitzak astean bi ibilaldi zituen programatuta, ariketa monitore batekin; Durango Lagunkoia taldeko pertsonen laguntza jaso dute erritmo motelagoa zeramaten pertsonei laguntzeko.
4. Podcast Durango Lagunkoia: Ezin garenez irten, etxe barruan sartuko gara eta adineko pertsonei lagunduko diegu ahots positibo eta itxaropentsuarekin.

Beste zerbait gehituko zenuke?
Bizitza honetan ezin da leku batean jarri beste batetik kendu gabe. Pandemia eta konfinamendua adineko pertsona asko aisiarako eta harremanetarako aukerarik gabe uzten ari da, eta hori, adinekoa zarenean, izugarri da. Oreka mantendu eta erdibideko erantzunak aurkitu behar ditugu pertsona nagusiei bizi kalitate ona eskaintzeko. 

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to Twitter