Orain dela 4 urte Lekeitioko udalerriak bat egin zuen Euskadi Lagunkoia sarearekin. Denbora honetan lagunkoitasuna aurrera eramateko egin dituzten ekimenen berri galdetu diegu eta baita balore hauek zabaltzeak ze onurak ekarri dizkien. Bertako gizarte zerbitzuetako teknikaria den Agurtzane Ruizi eta talde eragileko kideei elkarrizketa egin diegu euren iritzia ezagutu eta zein puntutan dauden jakiteko.Gehiago jakin nahi? Jarraian duzu elkarrizketa. 

  • Lekeitiok 2017ko ekainean bat egin zuen Euskadi Lagunkoia sarearekin. Diagnosia egiteko hainbat herritar eta alor ezberdinetako eragileek parte hartu zuten 2018ko otsailean eta martxoan egin zituzten saioetan. Guztira 62 pertsonek parte-hartu zuten. Apiriletik maiatzera ere inkestak banatu ziren eta eskuragarri utzi herriko puntu anitzetan, ahalik eta herritarren ekarpen gehien lortzeko, eta guztira 356 inkesta batu ziren.
  • Partehartze prozesu honetan bildutako ekarpenon emaitzak aurkeztu zituzten ekitaldi batean. Aurkezpena bukatu ondoren, zahartzarorako bizimodu alternatiba berriei buruzko solasaldia ere izan zuten.Denbora honetan panelak eta flyerrak burutu dituzte eta baita Ekintza Plana ere.

 

Agurtzane, zeintzuk dira Udalaren helburuak Euskadi Lagunkoia ekimena aurrera emateko?

Lekeitioko Nagusiak zein edade guztiko biztanleen bizi kalitatea hobetzea da Euskadi Lagunkoia sarearen parte izatearen helburua. Udaleko arlo guztietan nagusien partehartze aktiboa bultzatzea, belaundien arteko harremanak indartu lan komunitarioaren bidez, zahartzaro aktiboa indartu eta Lekeitioko herrian auzolanaren bidez herriko pertsona nagusien protagonismoa indartzea. 

Lekeitioko farmazia batzuek Farmazia Lagunkoia ekimenean parte hartu zuten. Nola eragin die herritarrei neurri hauek hartzeak?

Lekeitioko farmazietan aspaldi neurri batzuk hartuta dauzkate, adibidez irisgarritasuna. Baina COVID-19a dela eta pertsona nagusiekin beste lan batzuk ibili dira egiten: maskarillak zelan jarri, zertarako erabili, telefonoz medikazioa eskatu eta ikusten badute beharrizan bat gizarte zerbitzuetara deitzen gaituzte. Pendiente daukagu etxez etxeko zerbitzua bultzatzea

COVID-19a dela eta, 65 urtetik gorako herritarrei maskarillak banatu zitzaizkien. Nolakoa izan zen erantzuna? Ekimenarekin aurrera jarraitzen duzue?

Bai konfinamendu sasoian Lekeitio Zaindu bolondreseko taldeko kideek buzoneo bidez 65 urte gorako pertsona bakoitzari maskarilla pare banatu zitzaizkien. Herritarren arrera oso ona izan zen, kontutan eduki sasoi hartan maskarillak erostea oso zaila zela. Momentuz berriro egitea ez da ikusten.

Ze pauso dituzue aurreikusita hurrengo hilabeteetarako?

COVID-19a dela eta talde motorraren funtzionamendua derrigorrez aldatu behar izan dugu eta orain dela pare bat hilabete hasi ginen planteamendu berriarekin. Hau da, orain hilean behin elkartzen gara, lehen hamabost egun behin izaten zen. Eta lana talde txikitan egiten dugu, bi edo hiru taldekide batzen dira lan zehatz bat egiteko.

Momentu honetan ekintza plana bultzatzen ari gara eta txakurren eta herriko garbitasunaren inguruan kontzientziako kanpainarekin hasiko gara.

 

Taldea osatzen duten kideei ere hainbat galdera luzatu dizkiegu:

 

Zer suposatzen du zuentzat Lekeitioko Lagunkoitasun taldean egoteak?

1. Taldekidea: Suposatzen du hilero ordu batzuk herriko "ahuleziak"(aurretik aukeratutakoak) konpontzen saiatzen garela.

2. Taldekidea: Lekeitio lagunkoia taldean parte hartzea pozgarria da. Lekeitio irisgarriagoa eta atseginagoa izan dadin lan egiten dugulako, batez ere adinekoentzat.

3. Taldekidea: Herria eta herritarren bizipoza hobetzeko tresna izan leikenez, ilusioagaz nago.

Nolakoa izan da taldearen garapena?

1. Taldekidea: Hasieran, elkar ia ez ezagutzetik taldea osatzera pasatu gara. Konfiantza osoz edozein gai tratatzeko gai gara.

2. Taldekidea: Taldearen garapena oso ona izan dela uste dut. Taldeko kide guztiok normaltasunez erlazionatzen gara eta ahal duguna ematen saiatzen gara. Talde on bat osatu dugu.

3. Taldekidea: Ni 2019an sartu nintzen eta ordurako batzarrak plan zehatza zeukan taldeak eta ildo horretan mantendu da pandemia etorrera arte.

Nola parte hartzen duzue taldean?

1. Taldekidea: Batzuetan bakoitzaren ideiak aurkeztuz eta beste batzuetan egin behar den hori praktikara eramanda.

2. Taldekidea: Gure bilera-egutegia hamabostaldikoa da, eskola-oporrak izan ezik. Era berean, topaketak egin dira diagnostikoa egiteko unean ekarpenak egin nahi izan dituzten pertsona askoren parte-hartzearekin. Orain, COVID-19aren kontura, ezin izan gara lehen bezainb bestetan batzartu. Hala ere, bilerak udalbatza-aretora mugitu ditugu  segurtasun- eta higiene-berme handiagoak eskaintzen dituelako. Whatshap bidez ere lan egin dugu. 

3. Taldekidea: Konbokatutako batzarretan parte hartzen, proposamenak egiten eta Lekitto Bedarra taldeagaz partekatzen ekimen nagusienak.

Aurrera eramandako ekimenetatik, zein duzue gustukoena?

1. Taldekidea: Herri mailan talde modura ezagutzera emanda, gai asko aurrera eramateko gai garela ikusita eta horiek guztiak autoestima altxatzen laguntzen digu.

2. Taldekidea: Niri denak oso interesgarriak iruditu zaizkit. 

3. Taldekidea: Ekintza plana egitea izan dut gustokoena eta orain han jasotakoa gauzatzea nahiko neban.

COVID-19aren ondorioz ezin izan dira ohiko bilerak egin. Nola moldatu zarete 2020 urtean zehar?

1. Taldekidea: Lehenengo e-mailez eta gero modu presentziala erabiliz (martxo-apirileko konfinamenduan ezin izan ginen bildu).

2. Taldekidea: 3 puntuan esan dudanaren harira joango litzateke. 

3. Taldekidea: Trakets xamar ze dinamika nahiko moteldu da. Positibotzat hartu leike lan taldeak egin dirazela eta taldeko harremanak hobetzeko balio izan duela.

Gai bereziren bat lantzea gustatuko litzaizueke?

1. Taldekidea: Herrian daukagun guztia (ondare, altzairu, apaingarri...) denonak direla, zaindu egin behar direla. 

2. Taldekidea: Bai, batez ere, gaztetatik balore zehatz batzuk zabaltzea. 

3. Taldekidea: Bai bi: Lehena, Udalak berriki onartutako PGOU edo arau subsidiarioen azalpena eta egoera. Taldekoak jakin dezagun, etorkizunerako ze herri modeloa planteatu den. Horrela, bideratu leikegu gure indarrak arlo konkreturen bat bultatzera. Eta bestea, talde modura eraginkorrak izan Auzolan espiritua herrian zabaltzen. Era horretan, Udalean lortuz, ekipo finko bat antolatzea auzotar edo herritarren ideiak eta proposamenak gauzatzeko.

 

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to Twitter