Elkarrizketa honetarako Esther López de Gauna, Maeztuko zinegotzia, eta Consuelo Nanclares Archaga, talde eragileko kidearekin egon gara lagunkoitasuna herrian aurrera nola eraman duten jakiteko.

 

Arraia Maeztu, Arabako mendialdeko kuadrila osatzen duen herrietako bat da. 725 biztanle ditu eta horietatik %24,41a 65 urtetik gorakoa da. Euskadi Lagunkoiara 2017ko urrian atxiki zen eta denbora honetan herriko diagnosia burutu du eta baita hainbat ekimen ere bertatik ateratako ondorioak kontuan hartuz. 

2018an hasi ziren diagnosiaren fasearekin, Arraia-Maeztuko herritar zein herriko eragile desberdinek betetako lagunkoitasun inkesten erantzunak bildu zituztelarik. Erantzunak aztertu ondoren, aipatutako herri topaketa antolatzea erabaki zuten, horrekin, udalerriko egoera sakonki ikertu eta herritarren ongizatea bermatuz.

Consuelo, Maeztu herri txikia da, nola daramazue parte-hartzea?

Egia esan, oso zaila egiten zaigu jendea bileretara erakartzea. Berdina gertatzen da inguruko herrietan, oraindik txikiagoak baitira.

Orduan, nola moldatzen zarete zuen iritzia emateko?

Herria txikia denez, denok ezagutzen dugu elkar, ondorioz, zuzenean zinegotzi edo alkatearengana jotzen dugu gure iradokizunak eman eta herri mailan aurrera eraman daitezkeen gaiak azaltzera. 

Eta komunikatzeko modu hori baliogarria zaizue?

Nire ustez bai. Agian, gehiagotan bildu beharko ginateke, baina egoerak ez digu laguntzen. 

Esther, Consuelok dion egoera COVID-19ak eragindakoa da?

Horrela da, pandemiak jendeak beldurra izatea eragin du eta ez dira elkartzera ausartzen. Hala ere, ekimen batzuk egiten jarraitu ahal izan dugu: yoga, pilates...

Pandemian zehar Udalak ekimen bereziren bat jarri al du martxan?

Bai eta oso erantzun ona eduki du gainera. Konfinamenduan zehar pertsona nagusiei erosketekin laguntzeko aukera zabaldu genuen, boluntariotza sarea sustatuz. 

Herri mailan ze aldaketa botatzen dituzue faltan?

Gure herriko farmaziak zerbitzu gehiago eskaintzea gustatuko litzaiguke, momentu honetan ez baititu farmazia orokor batek dituen erraztasun berdinak ematen. 

Consuelo, diagnositik ateratako ondorioetatik, ze ekimen ipini dira martxan?

Herrian dugun arazoetako bat kotxeek herriko kale nagusia gurutzatzean gertatzen da. Horregatik, semaforo bat ipini genuen, diagnosian azaltzen zen bezala. 

Horrez gain kaleko altzari berriak ipini dira. Herri zabala da gurea eta ibilalditxoa ematera ateratzen ginean, esertzeko lekua botatzen genuen faltan. Diagnosian ipini genuen eta Udalak bankuak ipini zituen. 

Esther, zerbait gehiago gehituko zenuke?

Egia esan, herrian esfortzu handia egin dugu autobus zerbitzua hobetzeko eta azkenean lortu dugu. Horrez gain, eguneko zentroa ere berritu egin dugu eta orain 14 pertsona sar gaitezke bertan, COVID-19ari aurre egiteko behar diren neurriak hartuz. Txikia dirudien arren, barrutik oso ederra geratu da, argi handia duelarik. 

Euskadi Lagunkoiari dagokionez, pauso gehiago emateko aukera ikusten duzue?

Bai, baina gure erritmoan. Kontuan eduki behar da oso herri txikia garela eta erritmoa motelagoa dela beste leku batzuetan baino. 

 

 

 

 

 

 

 

 

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to Twitter