Elgoibarko merkataritza- eta ostalaritza-establezimenduek Elgoibar lagunkoia sarearen esparruan sustatutako ekimen berri batekin bat egiteko aukera dute, herriko denda, taberna eta jatetxeek adinekoen beharretara egokitzeko urratsak eman ditzaten.

Kanpaina hezitzailea da nagusiki, eta bertan parte hartzera animatzen diren negozioek (izen-ematea hilaren 16ra arte egin daiteke labur.eus/establezimendulagunkoia webgunean edo Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. helbidera mezu elektroniko bat bidalita) zenbait aholku jasoko dituzte "bezero zaharrenak erakartzeko ekintzak abian jartzeko". Hori guztia, ekintza horiek establezimenduentzat "oso kostu txikia edo baliogabea" izango dutela kontuan hartuta.

Elgoibar lagunkoia sareak (udaleko hainbat sailek eta hainbat taldek osatzen dute, hala nola Nagusilan, Duintasuna taldeak, Jubilatuen biltokiak edo Urruzunoko Auzoak) herriko merkataritza- eta ostalaritza-establezimenduak animatzen ditu ekimen honetan parte hartzera, eta martxoaren 24an aurkeztuko da inskribatzen diren negozioen aurrean (14: 45ean Aita Agirre Kulturgunean).

Udalak azaldu duenez, "Kanpainarekin bat egiten duten denda, taberna eta jatetxeek lagunarteko zigilua eskuratzeko aukera izango dute, euren saltokietan jartzeko".

AUKERA

Elgoibar Lagunkoia sarea osatzen duten eragile eta erakundeen ustez, Establezimendu lagunkoia ekimena aukera ona da tokiko negozioek bezeroak eta salmentak handitzeko; izan ere, "Adinekoak maiz joaten dira saltoki txikietara, eta fideltasunez eta leialtasunez saritzen dute zerbitzu ona".

Gainera, kanpainaren sustatzaileak ziur daude establezimenduak adinekoen beharretara egokitzeko ekintzek beste onura batzuk ekarriko dizkietela parte hartzen duten negozioei; izan ere, "Pertsona guztientzako arretaren kalitatea hobetuko dute, segurtasun eta erosotasun handiagoko espazioak sortuko dituzte eta hazteko ahalmen handia duen merkatu-segmentu bat erakarriko dute".

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to Twitter