Azaroaren 1etik 7ra "Dando vida a la muerte" jaialdia ospatuko da. Bertan, Iñaki Peña, mediku paliatibistaren, "Mendian hil, hirian hil" dokumentala eskainiko da eta jarraian, online bidezko hitzaldia. 

 

dando vida a la muerte 2021

Iñaki, zer da mediku paliatibista izatea?

Bizitzako oso momentu zehatz batean lan egiten dugu, bizitzaren amaieran. Gu gara heriotzaren emaginak, gure misio nagusia jendea ondo hiltzen laguntzea baita. Denok oso barneratua dugu ondo jaiotzea berebizikoa dela eta horretarako daude emaginak; guk antzeko lana egiten dugu, baina bizitzari amaiera duina emanez.

Zergatik aukeratu zenuen bide hau medikuntza arloan?

Nire aukera pertsonala izan zen; bokazioa nuen. Prozesu honetan lan egiteko sentiberatasun berezi bat eduki behar duzu. Alde intelektualaz gain, pertsonalki prest egon behar zara. Nire kasuan, betidanik transmititu izan dut konfiantza ingurukoengan eta heriotzaren ateetan zeuden pazienteek nirekin egon nahi zutela konturatzen nintzen.Formazioa egin aurretaik konturatu nintzen Arrasateko ospitalean niregana etortzen zirela laguntza eske. Egia esan, oso gutxi gara honetan ibiltzen garenak. 

Horrez gain, seme bezela bizitakoagatik eta nire inguruan heriotza asko izan ditudalako ere eman nuen pausoa. 20 urte nituenean testamendu bitala egin behar nuela erabat argi nuen. 

Medikuon helburua bizitzak salbatzea ez al da?

Medikuok ezin dugu mundu guztia zaindu edo sendatu, baizik eta hiltzen ere lagundu behar dugu, heriotz duin bat bermatuz.

Zergatik da garrantzitsua?

Azkeneko urratsa da bitzitzan, azkeneko momentuan sufrimendurik gabe egotea. Azkeneko aste edo hilabeteak dira. Azken momentuari garrantzi handia ematen diogu: ez triste, ez haserre. Hildakoarentzako garrantzitsua da, baina batez ere ingurukoentzako. 

Zer sentimendu sortzen dira ingurukoentzako?

Doluan beti izango dituzu sentimendu mikatzak, baina heriotza ona izan baldin bada hobeto eramaten laguntzen dizu. 

"Dando vida a la muerte" jaialdian "Mendian hil, hirian hil" dokumentala proiektatuko da, zer transmititu nahi duzu lan honekin?

"Mendian hil, hirian hil" dokumentala Himalayan hasten da, Iñaki Otxoa de Olza mendizalearen heriotzarekin. Berarekin aurkitzen ziren mendizale eta lagunak bera salbatzen saiatu ziren, baina ez zuten lortu. Hala ere, ez zuten bakarrik utzi, berarekin egon ziren azkeneko momenturarte, 7.800 metrotara eta heriotz duin bat eman zioten, bertan lurperatuz. 

Ondoren, hirira jaisten gara eta bertan belaunaldi ezberdinetako heriotzek gure bizitzan duten inpaktua azaltzen dugu. Gure protagonista aita eta semea galdu dituen emakumea da, bere sentimenduak eta egoera aztertzen ditugu gertuko pertsona bi pertsona hauek galdu ostean. 

mendian hil hirian hil

Nondik sortu zen dokumentala burutzeko ideia?

Medikuntzaz gain, nire beste pasioa mendia da. Orain dela urte batzuk Jorge Nagore kazietariarekin topo egin nuen Zainketa Paliatiboen hitzaldi batean. Jorge "Los 14 de Iñaki" eta "Pura vida" liburuen idazlea da. Nik dagoeneko 2 dokumental nituen eginak eta berarekin "Mendian hil, hirian hil" 3. dokumentala egiteko pausoa eman nuen. 

Zergatik animatuko zenuke jendea jaialdira etortzera?

Denok daukagu heriotzaren gaia barruan eta entrenamendu eta formazio ona beharrezkoak dira. Momenturen batean, denok egin behar diogu aurre gure inguruko heriotzaren bati, dolua denok jakin behar dugu eramaten. Gako mordoa emango dira jaialdian: zeremonia motak, erlijioaren gaia, dolua...

Euskadi Lagunkoiaren filosofia zahartze aktiboa sustatzean oinarritzen da, bizitza duina eramatean ahalik eta denbora gehien. Bi gaiak nola uztartu ditzakegu?

Heriotza duinak eta zahartze aktiboak ez dute talka egiten, alderantziz, zubia dago bien artean. Bizitza duina eramatea zure bizitzarekin gustora egotea den bezala, heriotza duina, heriotza ona bat edukitzea da. Momentu bakoitzean hoberen sentiarazten zaituena egitea da eta hori lortzeko pausoak ematea. 

 

 

 

 

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to Twitter