-
22 Martxoa 2022

Elgoibarko Udalak, herritarren ongizatea bermatzeko apustuan, pausu berriak ematen jarraitzen du: 2017tik, pertsona nagusien ingurune fisiko eta soziala hobetzea helburu duen proiektu bat burutu du: ke detektagailuak ezartzen dira 80 urtetik gorako herritarren etxebizitzetan. Atiempo enpresarekin elkarlanean garatzen da proiektua eta doakoa da erabiltzaileentzat.
Ane Beitia alkateak azaldu duenez, “adineko pertsonekiko hiri adiskidetasunean eta zahartze aktiboaren esparruan prebentzio, arreta eta jarraipen zerbitzuak eskaintzen dituzte etxebizitzetan segurtasuna bermatzea da helburua. Ke detektagailuen proiektu honen bidez etxebizitzetan suteak ekiditea eta gizarte beharrizanak antzematea ahalbidetzen da”.
Elgoibarko udalak 80 urte bete edota beteko dituzten zerrenda osatzen du, etxebizitza horietara gerturatu eta ke detektagailuak jarri eta egoera sozialen diagnostiko txiki bat gauzatzen dute. Etxebizitzetara gerturatzen den pertsona gizarte langilea da, ‘Industriako langile kualifikatua’ formakuntza gehigarria duena.
2021 urteari erreparatuz, 130 pertsonek jaso zuten proiektuan parte hartzeko gonbita. Hala ere, egoera ezberdinak direla medio, azkenean 111 herritarrek hartu zuten parte, 109 ke detektagailu jarriz. Aipatzekoa da Udaletxeko gizarte zerbitzutatik gauzatutako diagnostiko horien analisi eta jarraipena egiten dela.
340 ke detektagailu guztira Elgoibarren
Une honetan Elgoibarren 324 etxebizitzetan daude instalatuta ke detektagailuak eta guztira 340 detektagailu daude martxan.
2022 urteari erreparatuz, aurten 77 pertsonek beteko dituzte 80 urte eta horiek proiektuan parte hartzera gonbidatuko ditu Elgoibarko udalak. Era berean, urte honetan proiektuaren onuradun izateko baldintzak bete dituzten beste herritarrei ere luzatuko zaie gonbita.