Legazpiko Udaleko Gizarte Ekintza Zerbitzuak, 2015eko martxoan Euskadi Lagunkoia sareari atxikia, sari bat sortu du gizarte arloan lan egin duten bizilagunen lana aitortzeko. Sariak Gizarte Saria du izena eta lehen gala ostiralean izan zen, kultur etxean. Sarituak María Jesús Abanda, bere senarra Antonio Leza eta Manuel Fernández izan ziren.

Maite Lonbide zinegotziak banatu zituen sariak. Saria Juan Mari Burguera bertako artistak sortu du, Ricardo Mediavilla errementariaren laguntzarekin.

Lonbidek gogora ekarri zuen omenduek urte asko daramatzatela hainbat elkartetan lanean. "Asko hitz egiten da zahartze aktiboaz, komunitatea sortzeaz... Horixe egiten duzue zuek urte askotan. Legazpiri dagokion guztian parte hartuz eta elkarlanean arituz. Legazpiarrak eta haien familiak ondo zainduta egon daitezen laguntzen duzue ".

Abandak berak eta senarrak egindako lanaren laburpena egin zuen. "Gurutze Gorrian egon nintzen, mojei lagundu nien egoitzan eta 65 aldiz eman nuen odola. Nire senarra, erretiroa hartu zuenean, erretiratuen etxeko zuzendaritzan sartu zen. Nik ere bai. Urte asko daramatzagu jubilatuen etxean. Nagusilanekin ere lan egiten dugu. Irribarre egiten dizute, maitasun handia ematen dizute... Ahal dudan bitartean, jarraituko dut ".

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to Twitter