-
15 Uztaila 2022

Marian Olabarrieta, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuetako zuzendariak, "Bakardadea: ekintzarako gida" monografikoa aurkeztu du, Euskadi Lagunkoia Sareko hainbat udalerrik parte hartu duten partaidetza-prozesu baten bidez egina. Dokumentu hori, azaldu duen bezala, “parte hartzeko prozesu baten bidez egin da, eta prozesu horretan Euskadi Lagunkoia Sareko hainbat udalerrik aktiboki parte hartu dute, fenomeno horretan sakontzeko beharra ikusi eta adierazi baitute”.
Gidan, bakardadearen kontzepturako eta bakardadean bizitzearen, bakardadea sentitzearen eta gizarte-isolamenduaren artean dauden desberdintasunetarako hurbilketa egiten da. Alde horretatik, Elena del Barriok, Matia Institutuko zuzendarikide eta ikerlariak, zehaztu duenez, “bakardade-sentimendua areagotzearekin zerikusia duen faktorea da bakarrik bizitzea, baina bakarrik bizi diren pertsonek ez dute zertan bakarrik sentitu behar. Zahartzaroan bakarrik bizitzea bizi-baldintzen hobekuntzaren ondorio ere bada: erosteko ahalmen handiagoa, osasun-egoera hobea eta autonomia eta independentzia handiagoa”. Bakardadeak, gaineratu duenez, “gabeziarekin edo gizarte-harreman gutxirekin ere lotzen da. Plano horrek zerikusi handiagoa du pertsonak beren ingurunean benetan integratzearekin, eta pertsona hori bakarrik sentitzen den ala ez alde batera utz daiteke; hau da, pertsona bat gizartean bakartuta egon daiteke eta ez bakarrik sentitu”.
Sara Marsillas, Matia Institutuko ikerlari eta publikazio honen sortzaileak "Bakardadea gaur egun arreta handia jartzen ari zaion fenomenoa da; bereziki, adinekoen arteko bakardadeari. Errealitate honek honako datu hauek ematen ditu Euskadin: 65 urtetik gorako pertsonen % 26.6a bakarrik sentitzen dira, eta %4 inguruk ez dute inolako kontakturik astero etxetik kanpo bizi diren pertsonekin" azaldu du.
Material berri hau Euskadi Lagunkoia Sareko hainbat udalerrik aktiboki parte hartu duten partaidetza-prozesu baten bidez egin da, eta bakardadearen fenomenoan eta horri heltzeko moduan sakontzeko aukera ematen du. Udalerriek informazioa eman eta berrikusi dute gida honen edukia sortzeko, elkarrizketa pertsonaletan eta gure inguruko nahiz beste herrialde batzuetako jardunbide egokien bilketan oinarrituta.
Gidak, irakurketa errazaren formatuan, bakardadearen kontzeptura eta bakarka bizitzearen, bakardadea sentitzearen eta gizarte-isolamenduaren artean dauden desberdintasunetara hurbiltzen du.
Hurbilketa teorikoaz gain, gida honek adinekoen bakardadea lantzeko aukera eman dezaketen programak abian jartzeko gakoak ematen ditu, iradokitzen diren esku-hartze motak zehaztuz: gizartearen sentsibilizazioa, esku-hartze zuzena, bakardade-egoeren prebentzioa edo egoera hori pairatzen duten pertsonen identifikazioa.
Dokumentuak, halaber, jardunbide egokien adibideak biltzen ditu, bai gure ingurukoak, bai munduko beste leku batzuetakoak, ekintza espezifikoak abian jartzeko inspirazio-iturri izan daitezkeenak.