-
23 Abendua 2022

Marian Olabarrietak, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuen zuzendariak, Euskadi Lagunkoiaren 10 urteen eta 2023rako proposatutako erronkaren balantzea egin du.
Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak sustatutako Euskadi Lagunkoia ekimenak 10. urteurrena bete du. Zein da Jaurlaritzatik egiten duzuen balantzea?
Urte hauetan lagunkoitasunaren aldeko mugimendua garrantzitsua izan da, eta horrela aitortu da une eta esparru askotan.
Ekimenaren barruan buruturiko jarduerak, udalerri kopurua eta adinekoak ugaritzeak harro sentiarazten gaitu Jaurlaritzatik, eragile guztiek udalerri lagunkoiak sortzeko egiten duten lanagatik eta helburu komunagatik.
Eta aipamen berezia egiten zaie 10 urte hauetan pandemiaren ondorioei adineko pertsonengan oro har, eta bereziki adinekoengan bakarrik edo laguntza-premia gehiago dituztenengan. Adinekoek beste adineko pertsona batzuentzat garatzen dituzten jardunbide egokiak harro egoteko moduko arrazoia dira guretzat, gizarte eta udalerri adiskidetsuak, solidarioak eta guztion ongiak bultzatutakoak ditugula erakusten baitu.
Euskadin 74 udalerri gaude dagoeneko atxikita, mundu mailan ia 1.500 daude, % 5 gara! Zer ondorio atera genezake datu horretatik?
Atera dezakegun lehen ondorioa da bide onetik goazela, eta udalekin, erakundeekin, enpresekin eta, oro har, herritarrekin koordinatuta lan eginez, ingurune erraztaile gehiago sortzea lortu ahal izango dugula, ahalik eta erosoen bizitzeko eta elkarrekin bizitzeko.
Eta bigarren ondorioa da abiapuntua izan behar duela erritmo eta lan-dinamika horrekin gero eta udalerri gehiago atxikitzea Euskadi Lagunkoiari, udalerri handiagoetatik udalerri txikiagoetara, hiri-mundutik landa.
Eta hori guztia helburu komun bat lortzeko, Euskadi leku hobea izan dadin.
Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko lurralde-batzordeetan parte hartu duzu. Lurralde bakoitza oso desberdina da. Zer nabarmenduko zenuke bakoitzetik?
Lurralde bakoitzak bere ezaugarriak, nahiak, lan-erritmoak eta ikuspegia ditu, eta, lan koordinatuaren bidez eta sustraitik abiatuta, udalerri lagunkoiak lortzen ari dira, adinekoen bizi-kalitatea gero eta hobea izan dadin.
Eta orainaren eta etorkizunaren alde lan egiten eta lan egiten dugula, non udalerriak eta beren txokoak, lurralde batekoak edo bestekoak, handiagoak edo txikiagoak, hiritarragoak edo landatarragoak, gero eta eskuragarriagoak eta lagunkoiagoak izango diren bertan bizi diren pertsonentzat.
Batzorde horietatik lortu dugu 2023rako erronka: Gizartearen parte-hartzea eta herritartasun aktiboa sustatzea. Zure ustez, zeintzuk dira parte-hartze onaren oinarriak? eta, nola lor dezakegu herritartasun aktiboa?
Uste dut parte-hartze egokirako oinarriak erakundeak herritarrengana hurbilduz lor daitezkeela, elkarrekin lan egiteko giroa sortuz, non harremanak, iritzi-trukea, guztion inplikazioa, erakundeak, elkarteak, saltokiak, farmaziak, aisialdiko eta denbora libreko zentroak... bultzatzen diren, guztiek erabakitako helburu komunen alde lan egiteko eta helburu komunekin taldean lan egiteko. Koordinazioa, lankidetza, errespetua, ikuspegi positiboa, helburu argiak... ere oinarri garrantzitsuak dira, parte-hartzea erraztuko dutenak.
Pentsatuz, erabakiz, lan eginez, baloratuz eta talde gisa aurrera eginez lortuko dugu herritartasun aktiboagoa, proposamenak erakargarriak izan daitezen, batez ere inposatu ez direlako, modu positiboan indartuz eta lortutako arrakastak ospatuz.