Otsailaren 10ean Euskadi Lagunkoiako talde teknikoa eta udalerriko talde eragileko kideak elkartu dira programak Legazpin izan duen bilakaera ezagutzeko.

«Euskadi Lagunkoia sarea 74 euskal udalerrik osatzen dute gaur egun; horietatik 26 Gipuzkoakoak dira, 29 Bizkaikoak eta 19 Arabakoak», Udalaren arabera. «Legazpi udalerri parte-hartzaileetako bat da. 2022ko azaroan, gure herrian, Gipuzkoako lurralde-batzordea egin zen, Marian Olabarrieta Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzu, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako zuzendariak parte hartuta», gogoratu dute Udaletik.

«Lurralde-batzorde horretan, Euskadi Lagunkoiari atxikitako Gipuzkoako udalerriok sei erronka proposatu genituen 2023an lan egiteko: bakardadea, parte-hartzea, etxebizitzak eta egoitzak, adinkeria, sare-lana eta belaunaldien arteko harremana», zerrendatu dute. Gipuzkoako proposamen horiei Bizkaiko eta Arabako lurralde-batzordeenak gehitu zitzaizkien. Horien guztien bateratzetik atera da, azkenean, 2023an zehar lan egiteko erronka, 'parte-hartze soziala eta herritartasun aktiboa sustatzea'.

Helburu horrekin, Euskadi Lagunkoiak bere talde teknikoaren laguntza eskainiko du, udalerri bakoitzeko talde eragileei laguntzeko eta aholkuak emateko.

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to Twitter