Donostia Lagunkoiak 10. urteurrena ospatu du. Horretarako, martxoaren 23an, talde eragiletik pasa diren 80 pertsona elkartu dira hamarkada honetan emandako aurrerapausoak aztertu, egungo egoera analizatu eta etorkizunera begira nolako Donostia nahi duten hausnartzeko. Eva Salaberria, Donostia Lagunkoieko koordinatzailea, elkarrizketatu dugu ekimenaren gakoak ezagutzeko.

Eva, goazen lehenengo pausoetara... Nola izan zen hasiera?
2009an Matia Institutuak eta Donostiako Estrategia bulegoak ekarri zuten OMEk garaturiko lagunkoitasunaren ideia Donostiara. 2010ean atxiki zen hiria mundu-sarera eta 2013an egin zen lehenengo parte hartze dinamika 100 pertsona elkartuz Boulevardean ipinitako karpan, diagnostiko plana burutzeko.

Eta denbora honetan zenbat pertsona pasa dira?
Hamar urte hauetan 80 pertsona inguru pasa dira talde eragiletik. Martxoaren 23ko ekimenak berriz elkar ikusteko, egin denaren fruituak azaltzeko eta eragina aztertzeko balio izan dute, baita datozen 10 urteetan zertan utzi nahi dugun arrastoa analizatzeko ere.

donostiaLagunkoia10 4

Berriz elkar ikustea nola izan da?
Oso emozionantea. Aspaldi lagunkoia espazioetan parte hartzen ez zuten pertsonak bertaratu egin ziren, eboluzio naturalagatik eta beren bizi-uneagatik dinamika kolektiboak albo batera utzi behar izan dituztenak, ....; batzuk eta besteak, topaketara egoera desberdinetatik iritsi arren berehala etxean bezala sentitu ziren, aintzatetsiak eta proiektuarekin zuten lotura aitortuz.

Kontuan izan behar da Donostia Lagunkoian ekarpen guztiak balio handikoak direla, ezagutza sakonetik egiten direnak, proiektuaren inguruko inguruetatik begiratzen direnak, dinamismotik eta bizi-energiatik egiten direnak, eta baita hauskortasunaren beraren onarpenetik egiten direnak ere.

Dinamikaren ondoren esker oneko mezu hunkigarriak jaso ditut “jendea berriro elkar ikusi eta puntualki hiriari ekarpenak egiteko aukera zoragarria da” bezalakoak; edo Profesional batek bidalitakoa adibidez, “Lagunkoiaren deialdiekin gizakiarengan dudan fedea berritzen da”.

Ze pauso eman zenituzten dinamika hau prestatzeko?
Honen aurretik talde eragile barruan lan saio bat egin genuen topaketaren helburuak eta dinamika denon artean definitzeko. Donostia Lagunkoiak emakume gazte baten ahotsa izan behar duela erabaki genuen adibidez, eta baita, zuzeneko musika behar genuela , sortu nahi genuen giro goxoa lortu ahal izateko, horregatik pianista bat ekartzea otu zitzaigun.

Donostia lagunkoian pertsona dago beti erdian eta topaketak pertsonaren zentralidade hori islatzea nahi genuen. Kosta egiten zaigu gure egunerokotasuneko zurrunbilotik distantzia pixka bat hartzea baina behin esfortzu hori eginda, konfiantzazko espazio batean gure iritzi eta hausnarketak konpartitu egiten ditugunean, besteek esandakotik ikasten dugula ohartzen gara; horrelako espazioak eskaintzea da jendeak gehien baloratzen duena Donostia Lagunkoiaren barruan.

Nola joan zen bilera?

Donostia Lagunkoia irudikatzen zuen Ahots OFF bat ipini genuen, lehen aipaturiko emakume gaztearen ahotsa, sarrera eta ongi etorria emateko.

Jarraian, ariketa bat egin genuen, bi gauzekin jokatuz. Batetik, gauza sinbolikoak: horretarako, jendeari Donostia Lagunkoiari lotzen dioten gailu bat ekartzeko eskatu genien, bakoitzak berea. Denetarik ekarri zuten: martxoaren 8an erabilitako lazo gorria, Lkaleako telefono bat, “café con Alexa”-ko 3Dko kartoizko betaurrekoak, polaroid txiki bat (begirada garaikidekoa)... areto erdian kokatu genuen instalazio batean ipini genituen.

Erdian ipinitako espazio hori Donostia Lagunkoiaren paisajea eta lurraldea irudikatzen zuen: proiektuaren 4 ildoak, ibilbidea eta mugarri ezberdinak. Besteak beste, 80 pertsona baino gehiago talde eragilean, 50 bilera baino gehiago, 80 pieza audiobisualetik gora...

donostia lagunkoia 10 1

Bestetik, Donostia Lagunkoiak izandako eragina islatu nahi izan genuen. 5 arlo ezberdinetako ordezkariak gonbidatu genituen euren testigantza mahai gainean ipintzeko: erakundeak, lan-eremua, eragileen ekosistema, auzoetako adibidea eta pertsonena ere.

  1. Donostia Lagunkoiak instituzioan: Eneko Goiak azaldu zuen Donostiako Udalean izandako presentzia.
  2. Gaiak edo lan eremuak: hirigintza, espazio publikoa eta etxebizitza. HAPOaren lan taldeko Paula Amutxastegi arkitektoari eskatu genion espazio publikoetan Donostia Lagunkoiak izandako eragina azaltzeko.
  3. Eragileen ekosistema: Maribel Pizarro, Gipuzkoako Itxaropenaren telefonoko arduradunari, berak adierazteko Donostia Lagunkoiak hiriko ekosisteman izandako eragina.
  4. Auzoetan izandako eragina: Lurralde batean lan egiten dugunez, David Malagón Berriztu Elkartekoak, Egia auzoko esperientzia azaldu zuen.
  5. Pertsona baten adibidea: Talde motorreko kidea den Begoña Arrizabalagak, Donostia Lagunkoiak bere bizipen pertsonalean izandako eragina aipatu zuen.

donostialagunkoia 10 2

Bost testigantza hauekin plan operatibo eta zehatzetan izandako eragin zuzena ikusi zen: belaunaldien arteko proiektuak, teknologia eta digitalizazioa, berrikuntza lan egiteko moduetan, elkarlana, zaintza eta bakardadeari buruzko zeharkako begirada, ekintza komunitarioaren garrantzia... Jendeak horrela hain urruti ikusten dituen gaiak gauza zehatzetan ikusi zituen.

Eta etorkizunera begira?
Azken dinamika izan zen. Parte-hartzaileak Udaleko terrazetara ateratzera gonbidatu genituen minutu batzuetan zehar kanpoan ari dena begiratzeko. Eta hau zergatik? Beti erne egon behar dugu hirian gertatzen ari denari buruz, zer nolako hiria daukagu eta nolakoa izatea nahi dugu? Zer entzuten da? Eta horrekin amestu. Ikusi zertan jarri behar dugun intentzio berezia hurrengo urteetan.

Horren ondorioz berriz elkarrizketa sortu zen: belaunaldien artean lan egiteko beharra (adineko asko izango gara eta gazte gutxiago, baina bata besteen beharra dugu); hiriko aniztasuna geroz eta handiagoa dela da eta hori kontuan izan behar dugu (atal honetan zaintzaren beharrak eta horren ardurak garrantzia hartu zuen); Ikuspegi komunitarioan egunerokotasuneko eta gertutasuneko dinamikak (sareak ehundu, indibidualismoaren aurre kolektiboa indartu, gertuko zerbitzu eta ekipamenduen rola – komertzioa, farmaziak, liburutegiak, kultur etxeak, polikiroldegiak, osasun zentroak, ...- , harremanetarako espazio publikoak duen garrantzia); Digitalizazioan arreta jarri, bertan esklusioaren beldurra baitago; eta Udala bera lagunkoiagoa izan dadila (Hiritarrekin duen harremanetan gertuagokoa eta enpatikoagoa izanik).

donostialagunkoia10 3

Pertsonak dira Donostia Lagunkoiaren muina...
Donostia lagunkoia egun ezagutzen dugun bezalakoa da egon diren pertsonek egindako lana eta gero erreleboa eman dietelako bata besteari. Gaur egun dauden pertsonek, berriei eman beharko diete. Donostia Lagunkoia bezalako ekimen bat kateari eskerrak da. Proiektuaren mamiak denon artean zaintzen goazelako hazten eta balioa ematen jarraitzen du. Mami hori sendoagoa eta handiagoa da eta denon ardura da hori zaintzea.

Pertsona berriak inplikatu egingo dira, elkarlanerako konpromisoa hartu, eta proiektuak bere ekarpena egingo die ere, Lagunkoiak asko ematen baitu, bai taldeari baita banakoari ere.

Ateak zabalik daude!

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to Twitter