Durangaldeko Mankomunitateak mendekotasuna duten adinekoentzako eguneko arreta-zerbitzu pilotu bat jarriko du abian Abadiñon datorren maiatzean. Zerbitzuak proba-banku gisa jardungo du, ondoren eskualdeko udalerri guztietara zabaltzeko. Baliabide berri horrek, hasiera batean, maiatzetik azarora arte funtzionatuko du (abuztua izan ezik), astean lau egunetan, astelehenetik ostegunera, 10: 30etik 13: 30era, San Trokaz Elkartearen lokaletan.

Durangaldeko Mankomunitateko lehendakaria, Mireia Elkoroiribe, Abadiñoko alkate eta alkateorde Mikel Garaizabal eta Javi Crespo, Abadiño Lagunkoiako arduradunekin bildu ziren duela egun batzuk, maiatzaren 2an herrian jarriko den adinekoentzako zerbitzu berriaren berri emateko.

Eguneko arreta-zerbitzua hurbileko baliabidea da, ikuspegi komunitarioa eta intentsitate txikikoa duena, eta I. mailako adineko ahulei eta mendetasun-arriskuan edo -egoeran daudenei zuzenduta dago, mendetasuna baloratzeko baremoan 25 eta 39 arteko puntuazioa lortu badute. Beraz, Mankomunitateko gizarte-zerbitzuek identifikatuko dituzte ekipamendu berriaz balia daitezkeen pertsonak, eta horiei balorazio bat egingo zaie, programa pertsonalizatua eratzeko.

Horrela, erabiltzaile bakoitzarentzat banaka definitutako programa eta jardueren bidez emango da arreta, bakoitzaren behar eta ezaugarri espezifikoen arabera. Programa eta jarduera horien bidez, erabiltzailearen autonomia-maila hobetzen edo mantentzen lagunduko da, bai eta haren narriadura fisiko eta kognitiboa eta isolamendu- eta bakardade-egoerak prebenitzen ere. Abordatzea integrala da, eta horregatik familientzako programak eta prestakuntza txertatuko ditu, ikastetxean egiten den lanak familia-ingurunean jarraitutasuna izan dezan.

Ildo horretan, eguneko arreta-zerbitzuaren helburu nagusiak hauek dira: gaitasun funtzional ona garatzea edo mantentzea; narriadura atzeratzea, pertsonak etxean ahalik eta denbora gehien egon daitezen ahalbidetuz; konplikazioak eta ezintasunak saihestea eta pertsonaren bizi-kalitatea mantentzea edo hobetzea.

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to Twitter