Maite Lombide, Gizarte Ekintza, Berdintasuna eta Lankidetzako Zinegotzia da Legazpiko Udalean. Legazpi 2015eko azaroan atxiki zen Euskadi Lagunkoia sarera. Aintzindariak dira belaunaldi arteko proiektuak aurrera ateratzen, eta elkarrizketa honetan martxan dituzten programak azaldu dizkigu. 

Elkarrizketa ikusi nahi? Klikatu hemen

Maite, Legazpiko Udalean belaunaldi arteko harremanak lantzeko programa bat duzue martxan, oso ondo doala dakigu, ekimena azaltzerik izango zenuke?

Legazpik belaunaldien arteko proiektu orokorra du eta bertan programa ezberdinak ditu ekimenetan banatuta. 2016an, Legazpi Lagunkoia diagnostikoa egin genuenean, ordurarte elkarte edo ikastetxe bakoitzak bere aldetik egiten zituen ekimenak batu eta ordenatu egin genituen. Ordutik aurrera, askoz landuagoa dugu gaia. 

Belaunaldien arteko harremanak sendotzeko ekimenak orain dela urte batzuk jarri ziren martxan Legazpin. Besteak beste, programetako bat jokoetan oinarritzen da. Egoitzako pertsona erabiltzaileek eta ikastetxeetako ikasleak txapelketak antolatzen dituzte. Belaunaldi ikuspuntuarekin, lehengo eta egungo jokoak nahastuz. Horrez gain, Nagusilanekoek egoitzan, eguneko zentroan eta etxe tutelatuetan joko hauek praktikan jartzen dituzte. Denentzako oso aberasgarria eta interesgarriak dira: erabiltzaile, familia eta parte hartzaile guztientzat. 

Proiektu orokor honetan ere GIZARTELAB izeneko laborategia dugu. 2022an lehenengo sukaldaritza txapelketa antolatu genuen belaunaldien artean. Menu erraza proposatu genuen: entsalada eta patata tortila, eta 10 talde osatu genituen. Talde bakoitzak 3 partaide izan behar zituen, eta euren artean 25 urteko aldea izan behar zuten: aiton-amonak, gurasoak eta seme-alabak. Sukaldaritzaren aitzakiarekin harremanak sustatu genituen, eta aurten ere aurrera eramango dugu San Joan inguruan. Gure intentzioa 2 urtean behin egitea da. 

3. programa kirol txapelketa bat da. Legazpiko jaietan, maiatzean, txapelketa honen sariak banatu ditugu. Gipuzkoa mailan lehiatzen gara, eta bertan aukera ikusi dugu ikasleekin partekatzeko. Horrela, toka, igelaren jokoa eta boloak zer diren ezagutu dute eta taldeak sendotzeko aukera ere sortu da jende gazte berriarekin. 

4. programa oso indartsua da Legazpin. Asko kostatu zitzaigun aurrera ateratzea, 2019an hasi ginen gaiarekin. Ibilbide osansungarriak berpiztu genituen, taldea 10 lagun ingururekin bakarrik geratu baitzen jendea uzten joan zelako. Berriro ere, Legazpi Lagunkoia diagnostikoan oinarrituz, ikastetxeak sartu genituen. 2022an ikasle batzuk hasi ziren parte hartzen eta aurtengo ikasturtean ikastetxeek euren kurrikulumean sartzea lortu dugu eta bertan egutegi bat dugu non hilabeteko lehen ostegunetan ikastetxeetako ikasleak tartekatuz doaz adineko pertsonei laguntzeko. 

 

Zeintzuk dira helburuak?
Guretzako belaunaldien arteko harremanak sustatzea da helburua. Adineko eta gazteen artean nahasketa sortzea lortzen ari gara, baita Garaguneko erabiltzaileekin ere. Lehen gure aiton-amonak etxean aurkitzen ziren, baina orain guneak topatu behar ditugu harreman hauek sustatzeko. 

 

Legazpin gainera Ezkurrenea proiektua duzue, erronka handia da herriarentzat?

Gure proiektu izarra da. Udalak eraikin bat erosi zuen legealdi hasieran, 5 pisukoa, bertan etxebizitza tutelatuak, ezgaitasuna duten pertsonak, 65 urtetik gorakoak (oraindik ondo daudenak) eta gazteentzako edo familientzako etxebizitzak eraiki ditugu. 

Eraikin honetan belaunaldien arteko harremanak baldintza izango dira. Horretarako, zerbitzu amankomunak egongo dira euren artean komunitatea sortuz. Beheko solairuan adibidez, gela bat ipiniko dugu belaunaldien arteko ekimenak egiteko.

Bukatzeko, badugu beste gune bat, gizarte zentroa. Bertan, sukaldearen ondoan dagoen gela bat atondu dugu herritarrak bertara joan eta balaunaldien arteko ekimenak aurrera eramateko. 

 

Ze balorazio egiten duzu?

Oso positiboa, herrian aldaketa nabarmena ikusten dugu emandako pausoekin. Tipi-tapa ekimenarekin adibidez, 60 lagun kalean ikustea, denak batera, hunkigarria da. 

Legazpin, 65 urtetik gorako pertsonak %27a gara, Gipuzkoan %24a da. 60 urtetik gorakoak %14a, biak batera, herritarren herena izango gara. Gure artean harremanak sendotzea ezinbestekoa da eta hori oso barneratua dugu. 

 

 

 

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to Twitter