Julian Arrate Agirre Lekeitio Lagunkoiako partaidea da. 2018an sarera atxiki zirenetik orain arte burutu duten ibilbidea azaldu digu elkarrizketa honetan. Behin diagnosia eta Ekintza Plana burutu ostean, herriarentzako onuragarriak diren ekimen ugari eraman dituzte aurrera. Besteak beste, tabernariekin akordio batera iritsi dira pertsona nagusiek komunak erabil ditzaten. Auzolan modura ere herriko bankuak eta beste hainbat altzari mantentzen dituzte, ibilbide lagunkoiak prestatu...

Bideoa ikusi

 

Nola moldatzen zarete taldean?

Hasieran 12 lagun elkartzen ginen hilero koordinatzaile batekin, pandemiaren ondorioz jendeak taldea utzi zuen eta orain 8 kide gara. Udaletxeak areto bat utzi digu eta zinegotzi batek ere parte hartzen du, Udalarekin koordinazioa zuzena delarik. 

Ze ekimen eraman dituzue aurrera?

Diagnosia egin genuenetik, herrian dauden beharrak identifikatu ditugu eta gauzaketa epeak ipini. %60a aurrera eramatea lortu dugu eta orain buru-belarri gabiltza bakardadeari aurre egin eta partaidetza sustatzeko ekimenak bultzatuz. 

Lekeitio Lagunkoia barruan ermiten ibilbidea burutu duzue, nola izan da honen sustapena?

Ibilbide hauek bakardadeari aurre egiteko diseinatu ditugu. Gai nagusitzat Isabel II.a Erreginak Lekeitio bisitatu zuenean egin zuen ibilbidea pentsatu genuen eta horretan gebiltzala, ibilbidearen bukaeran, itsas argiaren ondoan, 3 emakume nagusirekin topatu ginen lorategi publiko bat egin dutenak, auzolan modura. Andre hauek egindako lan andana goraipatu nahi izan dugu. Eta izenari dagokionez, lagun artekoa dela esan, orduan, "Lorategi Lagunkoia" ipini diogu eta inaugurazioa egin. 

Eta aurrera begira zer duzue prestatuta?

Herrian komun falta dagoela konturatu gara eta ezin duguna da komun publikoz bete herria. Horren ondorioz, herriko tabernariekin hitz egin dugu eta jende nagusiarentzat ireki. Denok atera gara irabazten, herritarrak eta tabernariak. 

Eta bigarrena txakurren jabeek kakak jasotzeko eta herria garbi mantentzeko kanpaina burutu dugu. Herriko baratza ondoan zelai bat dago eta hura erabiltzeko modua ere ireki dugu. 

Osasun gaiei dagokionez, herrian medikuak mantetzeko mozioa aurkeztu dugu Udalean eta garraio publikoa egokia izateko deialdia. 

Eta azkenik, kulturarekin zerikusia duten emanaldiak egin ditugu. Zarzuela proiektatu dugu eta 50 pertsona baino gehiago gerturatu dira, oso emaitza ona!

Egiten ari zaretena partekatzeko aukerarik izan duzue?

Markinan eta Zallan izan gara hemen egin duguna azalduz eta beraiek ere herrian buruturiko ekimenak gurekin partekatu dituzte. Pertsonalki, izugarri aberasten zaituen ekimena da hau bata besteari laguntzen diogulako, taldea osatuz. Gure aldetik egin dezakegun guztia batzeko da, gu aukera gara gizartea laguntzeko eta aberasteko.

Lekeitio Lagunkoiako ateak irekiak daude hemen egiten ari garen guztia ezagutu nahi duenarentzat!

image.png

 

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to Twitter