-
01 Iraila 2023

Asteazkenean, abuztuak 30, Cristina Laborda Ongizate Saileko ordezkariak "Irun Lagunkoia" programaren nobedadeen berri eman du.
Ordezkariak adierazi duenez, "Irun Lagunkoia ekimenaren helburua da adinekoek eta, oro har, herritarrek udalerria hobetzen parte har dezaten bultzatzea, arreta adinekoengan jarrita betiere. Hiriko eguneroko bizitzaren parte izan behar dute adinekoek, eta, programa honen bitartez, hiria hobetzeko betetzen duten eginkizuna sustatu nahi dugu, eta zer iritzi dituzten jakiten eta haien beharrei erantzuten segitu, azken batean irundar ororenak izan baitaitezke haien beharrak".
Inkestak eta bide orria
Irailean, fase berri batean sartuko da Irun Lagunkoia: irailaren 4tik aurrera, proiektuaren arduradunek inkestak egingo dituzte Irungo kaleetan, herritarren ekarpenak entzun eta jasotzeko. Gainera, herritarrek online erantzun ahalko diote inkestari.
Behin herritarrek gizarte eta osasun zerbitzuei, eraikinei eta aire zabaleko espazioei, garraioari, etxebizitzari, parte hartzeari, errespetu eta inklusioari, enpleguari eta komunikazio eta informazio gaiei buruz dituzten iritziak bilduta, proposamenak jasoko dira, eta teknikariekin lan egingo da, herritarren ekarpenak eta berauen bideragarritasuna aztertzeko. Gainera, elkarrizketa espezifikoak egingo zaizkie kolektibo partikularrei, ondorio batzuk atera eta diagnostikoa aberasteko. Azkenean, hirirako lagunkoitasun plan bat sortzea da helburua, adinekoen ongizatearen eta zahartze aktiboaren aldeko neurri jakinak zehazteko.
Zortzi lokaleko sarea, zabaltzen
Galdetegiak joan den ekainean hiriko adinekoen espazioetan informazioa aurrez aurre biltzeko ekimenaren jarraipena dira. Alde horretatik, Gizarte Ongizateko Arloak ontzat eman du tailerren harrera: ia ehun herritarrek parte hartu zuten topaketetan, eta haien ekarpenak kontuan hartuko dira proiekturako.
Gizarte Ongizateko Ordezkariak gai horri buruz ere hitz egin du: "Azken urteetan, adinekoentzako espazio eta zentroen sare bat eratu dugu hiri osoan, Udalaren baliabideak adinekoei helarazteko mugarria izan dena, eta zortzi lokal ditugu hiri osoan barrena, adinekoei ahalik eta zerbitzu eta bitarteko gehien eskaintzeko gure konpromisoaren adierazgarri; adinekoak elkarrekin egoteko eta zahartze aktiboa sustatzeko espazioak, orain Irungo adinekoentzako ekintza plana sortzeko baliatu nahi dugun oinarria".