Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren ordezkaritza batek parte hartu du Silesia eskualdeko Chorzow (Polonia) hirian egin den V. Senior Citizen kongresuan. Bertan, Jaurlaritzak sustatutako eta EAEko hainbat erakundek parte hartzen duten Euskadi Lagunkoia programa eredu gisa aurkeztuko dute, kongresuko egitaraua horiek dituelako langai: Best European Practices (Europako jardunbide egokiak).

 

Gizarte Politiketako zuzendari Emilio Solak eta Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko kabinete-zuzendari Noemi Ostolazak Euskadi Lagunkoia ekimena azalduko dute Chorzowen egingo den Senior Citizen kongresuan. Ekimen horren xedea da zahartzaroan sartu diren pretsonekin lagunkoi izatea sustatzea eta 2015-2020 aldirako Zahartze Aktiborako Euskal Estrategia garatzea. Ekitaldi horretan izango dira, halaber, Silesiako presidente Wojcich Saluga, eskualdeko parlamentuko presidente Grzegorz Wolnik eta Poloniako herriaren defendatzaile Adam Bodnar, eta EAEko ekimena Europa-mailako eredu gisa aurkeztuko da.

Ez da lehen aldia EAEko ekimen horrek kanpoan oihartzuna duena. Duela gutxi, Valentziako gobernua Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan jarri da Enplegu eta Gizarte Politiketako eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailek aholku erraz, praktiko eta ia kosturik gabekoekin osatutako Saltoki lagunkoien gidaliburua, saltokiak eta ostalaritza-establezimenduak pertsona adintsuekin lagunkoiagoak izatea xede duena, egokitu eta argitaratzeko.

Gainera, Hong Kongeko Unibertsitateak, Australiako Unley hiriak eta Brasilgo Longebitateari buruzko Nazioarteko Zentroak interes handia adierazi dute, hainbestekoa, euskal ekimena ingelesera eta portugalera itzuli baitute, Euskadi Lagunkoiak argitaratutako dokumentuetako batzuk banatzeaz gain: Udalerrietan ezarri eta erabiltzeko gida eta Saltoki lagunkoien gida.

Hala, pasa den urrian, Matia Fundazioko ordezkariak, Jaurlaritzakoekin batera, ekimena sustatzen izan ziren Brasilen, Sao Paulo eta Rio de Janeiro artean egindako Age-Friendly Initiatives: Beyond Cities and Communities foroan. Mundu osoko parte-hartzaileek lagunkoitasunari buruzko lanak partekatu zituzten; nabarmengarrienak, Melbourne, New York, Quebec eta Sao Paulo hirietakoak eta Japoniakoak. Foro hartan, euskal ekimenak eta aipatutako bi gidek interes handia piztu zuten.

Aipatutako bi gida horiek arrakasta handia izan dute; horren seinale, orain arteko 4.322 deskargak:

 

Udalerrietan ezarri eta erabiltzeko gida deskargatu den aldi kopurua

Saltoki lagunkoien gida deskargatu den aldi kopurua

Euskaraz

390

475

Gaztelaniaz

1.614

1.600

Ingelesez

253

 

GUZTIRA

2.257

2.075

Euskadi Lagunkoia

Euskadi Lagunkoia ekimena Osasunaren Mundu Erakundeak sustatutako Age-Friendly Environments Programme ekimenean oinarrituta dago. Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak jarri zuen abian eta herritarren eta sektore publiko, pribatu eta sozialaren parte-hartzea sustatzea du xede, Euskal Autonomia Erkidegoan zahartzen ari diren pertsonen bizimodua erraztuko duten inguruneak sustatzeko lagunkoitasun-mugimendu bat garatu dadin. Sarera gehiturik, honako hauen aldeko apustua egin duten euskal udalerrien multzo gero eta handiagoarekin bat egin dute Bilbo, Donostia eta Gasteizek: hau da, parte-hartze komunitarioko prozesuak sortzearen, herritarren bizi-maila hobetzeko asmoz udalerriaren eskumen-alor ugarietan aldaketak sartzearen, adinekoek ongizate-sortzaile gisa herritarren bizitzara ekar dezaketen potentziala baliatzearen eta Euskadin lagunkoitasun-ekimenen sare bat sortzearen aldekoa.

2012 eta 2014 urteen artean jarri zen martxan programa pilotua EAEko 13 udalerritan (Ordizia, Orio, Zumarraga, Hondarribia eta Añanako Kuadrilako 9 udalerri), lurraldeen lagunkoitasunean aurrerapausoak emateko tresnak ezarri eta garatzeko helburuarekin.

Lehen fase hartan sortutako informazioarekin (77 eragile parte-hartzaile, 1.447 inkestatu eta            345 parte-hartzaile topaketetan) osatu zen 2014ko azaroan aurkeztutako Udalerrietan ezartzeko eta erabiltzeko gida. Euskadiko udalerri, hiri eta herri guztien eskura jarri zen gida hori, babesa eta orientazioa izan zezaten biztanleen bizi-kalitatea hobetzeko hasitako bidean, horretarako, ekinbide partaidetuko prozesu bat sustatuta:http://euskadilagunkoia.net/images/GuiaPractica/GidaPraktikoaEU.pdf

Proiektua sustatzeko eta garatzeko helburuarekin, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako pentsiodunen eta erretiratuen probintzia-elkarteen lurralde-federazioarekin lankidetzan, lan-plana ezarri zen. Gipuzkoan, Gipuzkoako erretiratuen eta pentsiodunen elkarteak (AGIJUPENS) lagundu du proiektua martxan jartzen eta lurralde horretako diagnostikoa egiten. Horrenbestez, Talde autokudeatuak sortu dira diagnostiko kualitatiboa egiteko, herritarrekin bilerak eta topaketak antolatuta.

Gaur-gaurkoz, dagoeneko 30 udalerri batu zaizkio Euskadi Lagunkoia sareari, hiru hiruburuak barne. Hauek dira: Antzuola, Añanako Kuadrilako 9 udalerri, Beasain, Bilbo, Donostia, Dulantzi, Eibar, Eskoriatza, Gasteiz, Hondarribia, Idiazabal, Irura, Kanpezu, Legazpi, Ordizia, Orio, Urnieta, Urretxu, Zaldibia, Zarautz, Zestoa eta Zumarraga. Sarean egiten dute lan.

Euskadi Lagunkoia sarearekin kidetu diren udalerrien eta agenteen sareko lana honela zehazten da:

-       Udalerriek proiektuaren faseetan izandako jardunbide egokiak eta metatutako esperientziak elkarri ezagutaraztea, bisitak eta elkarrekiko aholkularitza antolatuta, webguneen bidez, jardunaldietan/tailerretan, etab.

-       Udalerrieetan egindako jardueren berri ematea webguneen, newsletterren, sare sozialen eta jardunaldien/tailerren bidez.

-       Lagunkoitasun-prozesua garatzeari eta osatzen duten faseei buruzko prestakuntza ematea. Kidetutako udalerrietako teknikarientzako eta eragileentzako jardunaldiak eta tailerrak gauzatzea.

-       Euskadi Lagunkoiaren esparruan loturiko ekintzak gauzatzea (saltoki lagunkoia, denbora-bankua, mapaketa, etab.).

-       Lagunkoitasunaren esparruko aurrerapenei buruzko informazioa ematea, nazioartekoa eta Estatukoa, webguneen, newsletterren eta sare sozialen bidez.

-       Lagunkoitasunari buruzko gidak banatzea. Euskadi Lagunkoia ekimenak gida espezifikoak osatu ditu zenbait esparrutan, tartean, garraioa, etxebizitza, merkataritza, auzoak, etab. Horiek ere kidetutako udalerri guztien eskura egongo dira.

-       Babesa eta aholku teknikoak prozesu osoan.

Hasitako programak:

  • Saltoki lagunkoiak: Prestakuntza-ikastaro bat eskaintzen da, kostu txikiko edo kosturik ez duten jardunbideak proposatzen zaizkiena enpresei adineko bezeroak erakartzen laguntzeko. Establezimenduak bezeroentzat lagunkoiagoak izatea da helburua, pertsona adintsuen premietara egokiturik, horrelakoek bizimodua ohiko ingurunean ahalik eta erarik autonomoenean garatu ahal izan dezaten. Ikastaroko eduki osoa biltzen duen gida bat eman da argitara eta prestakuntza-jardunaldiak antolatu dira, Merkataritza eta Turismo Sailburuordetzaren eta toki-saltzaileen bulegoen eta elkarteen laguntzaz. Euskadiko udalerri guztien eskura dago programa hori.

http://euskadilagunkoia.net/images/Establezimenduen-formazio-gidaEU.pdf

  • Dementziarekin lagunkoia den Euskadi eraikitzen eskuorria: Dementziaren gaineko kontzientziazioa eta ezagutza areagotzeko eta dementzia duten pertsonei egoera jakin batzuetan tratu egokia ematea sustatzeko helburuarekin osatu eta banatu da eskuorria, Euskadiko alzheimerraren elkarteekin osatu dena, udalerri eta herritar guztien eskura jarrita.

https://www.irekia.euskadi.eus/uploads/attachments/6923/Demencia-folletoEU3-2.pdf?1442648982

  • Ondarea: Ekimen horren bidez, Euskadiko pertsona adintsuen esperientziak bideo dokumental batean jasoko dira, Euskadiko ondare immateriala eta kulturala transmititzeko. Bideo horiek eskura dituzte eragileek, ikastetxeetan, kultur-etxeetan, museoetan, liburutegieta, etab., emateko.

http://euskadilagunkoia.net/eu/ekimenak/6-errespetua-eta-barne-hartzea/ondarea

  • Leku lagunkoien mapa: herritarrek lekuen mapa osatuko dute, (parkeak, kaleak, eraikinak, etab.) lagunkoitasun-maila zehaztuta. Plataforma horren bitartez, herritarren 2.0 parte-hartzea sustatzen da, eta webgunean erabilgarri dago. Herritarren eta herri-administrazioaren arteko komunikazio-tresna bat eskaini nahi da, espazio publikoei buruz solastatu daitezen.

http://euskadilagunkoia.net/eu/esperientzien-mapa/proposatu-lekuak

  • Denbora-bankua: Eguneroko lanetara bideratutako denbora-trukearen bitartez, auzokoek elkarri laguntzea eta auzo-ehun soziala sustatu nahi da, eta, horretarako, denbora-bankuak kudeatzeko online plataforma bat jarri da udalerri eta eragile guztien eskura.  Programa hori Ordizian jarri dute abian proba moduan.
Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to Twitter