Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak GOBERNANTZA +65 ekimena jarri du abian, 65 urtetik gorako herritarren ezagutzei, beharrei eta interesei gizarte eta politika arloetako erabakietan zer leku eman hausnartzeko asmoz.

Bideoa ikusi

65plus

Zahartze Aktiborako Euskal Estrategia 2015-2020 egitasmoan jasotzen den bezala, Euskadik nazioartean jada paradigma bihurtu den «longebitatearen iraultzari» aurre egin behar dio. (Egun Euskadiko herritarren % 20,2k dituzte 65 urte baino gehiago, eta, horietatik, % 31,5ek dituzte 80 urtetik gora. Etorkizuneko aurreikuspenen arabera, gainera, 2029rako 600.000 lagunek izango dituzte 65 urtetik gora, hau da, herritarren ia herenak, %29k zehazki).

Zahartze Aktiborako Euskal Estrategia 2015-2020 hiru zatitan banatuta dago, eta, horietako lehenak, gizartea zaharkitze-prozesuari egokitzeko, gobernantza-eredu berri bat behar dela zehazten du (beste bi arloak honakoak dira: hobeto zahartzeko aurre hartze eta prebentzioa, eta lagunkoitasuna eta partaidetza ongizate-gizartearen eraikuntzan).

Uda honetan bertan jarriko da martxan lau hilabete iraungo dituen parte-hartze prozesua; bertan, 100 lagun baino gehiago elkarlanean ariko dira egungo gobernantza eredua hobetzeko proposamenak landu asmoz. Azken batean, 65 urtetik gorako herritarrek eragiten dieten erabaki politiko eta sozialak hartzeko prozesuetan parte hartzeko bide berriak bultzatzea da helburua. «Gobernantza eredu berriak 65 urtetik gorako pertsonak ez ditu hartu behar gizarte eta politika arloko erabakien arreta, kudeaketa eta plangintza objektu soil gisa, baizik eta erabakiak hartzeko orduan eskubide osoko subjektu gisa», nabarmendu du Lide Amilibia sailburuordeak.

Lan-batzordeak

Partaidetza bideratzeko hiru lan batzorde osatuko dira arloka banatutako auzien inguruan hausnartu eta eztabaidatzeko.

Batzorde bakoitza hogeita hamar pertsona inguruk osatuko dute, lauzpabost lagunek jokatuko dutelarik dinamizatzaile rola. Parte-hartzaileak honakoak izango dira: kolektiboaren aniztasuna ordezkatuko duten askotariko 65 urtetik gorako pertsonak, auziarekin lotutako Eusko Jaurlaritzako sailetako arduradun teknikoak, adintsuen elkarte-sareko ordezkariak, eremu gerontologikoko erakundeetako ordezkariak, eta ezagutza-, ikerkuntza- eta garapen-arloko adituen batzorde bat.

Saioen metodologia agenteen partaidetza bultzatzera bideratuta egongo da, horretarako guztiek euren ekarpena egin dezaten bultzatuko duten galdera eta elkarrizketa ereduak baliatuz, betiere ikuspegi ahalik eta gehien jaso asmoz. Saio bakoitzak sarrerako marko teoriko bat izango du, aditu batek azalduko duena. Jarraian, eztabaida irekiko da horretarako hainbat galdera erabiliz.

Lehendabiziko batzordea aniztasuna identifikatu eta aztertzen saiatuko da. Batzordearen helburua Euskadiko errealitatearen eta zahartzeak Euskadiko garapenean duen eraginaren inguruko argazki finko bat lortzea da, 65 urtetik gorakoek Euskadiren eraikuntzan jokatutako papera eta euren inklusioa eta partaidetza aztertuz. Horrela, kolektiboak gogobeteko zahartze baten erronkei aurre egiteko dituen indarguneak eta ahulguneak aztertuko dira.

Bigarren batzordea, berriz, ezarriko du zein alderditan izan behar duten 65 urtetik gorako lagunek eragiteko eta erabakitzeko gaitasuna. Azken batean, adinaren ikuspuntua zer eskumen eremutan sartu behar den ikustaraziko duen ikuspegi transbertsal bat bultzatuko du. Hala, adinaren ikuspuntua kontuan izateko bideak eta metodologiak landuko dira, beharrezko prestakuntza- eta gaikuntza-lanak ere aurreikusiz.

Azkenik, hirugarren batzordeak aipatutako guztia nola gauzatu aztertuko du. Hala, konpromisoan oinarritutako lidergo eredua bilatuko da, testuinguru lokalaren zein globalaren erronkak, egungo ordezkaritza ereduaren indarguneak eta ahulguneak zein indarreko marko legala aztertuz. Era berean, erreferentzia gisa baliagarriak izan daitezken estatu-mailako zein nazioarteko esperientziak ere izango dira kontuan.

Hori horrela, prozesuan lortutako emaitzak izango dira Euskadik 65 urtetik gorako pertsonekin eta pertsonentzat abian jarriko duen gobernantza-eredua birformulatzeko oinarria.

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to Twitter