Donostiako Udalak 20 urte baino gehiago daramatza parte-hartze prozesuak aurrera eramaten. 2009. urtean Hiria Sarean sartu zen eta Donostia Lagunkoiari 2011n eman zion hasiera. Taldekoek dioten bezala, “Donostia Lagunkoia prozesu bat da, donostiarren artean gaur egunetik etorkizunera eraikitzen ari garen bidea”.

Donostiak 2009. urtean Hiria Sarean sartzeko pausoa eman zuen.

Espainia mailan Hiria Sarean sartu zen lehen hiria Donostia izan zen, 2009. urtean. Diagnosia aurrera eramateko Matia Institutuaren laguntza eduki genuen. Udaleko Estrategia Departamenduak tresna baliagarria zela erabaki zuen hiri mailan dauden erronkei erantzun egokia emateko, pertsona helduen gorakada adibidez, euren parte-hartzearekin erronka hauek modu partekatu batean eraman ditzakegu.

Pauso hau ematerako garaian, Hiri Sareak Donostiari eskaintzen zizkion hiru funtsezko gaietan oinarritu ginen: batetik, enfoke sistemiko eta integral bat ematea koherentzia gehiago emanez Udalak egiten zuen lanari. Eta bestetik, barne-kudeaketa mailan transbertsalitatea lantzeko aukera izatea, gaiak amankomunean landuz. Eta hirugarrenik, guzti hau adineko pertsonak protagonista izanda, ez da beraientzat egiten den zerbait, beraiekin batera bideratzen den plan bat da, euren parte-hartze aktiboa oinarrizko printzipio baita Donostia Lagunkoian.

Azken batean, plan honek Hiri Plan bat izan nahi du, Udala, eragile sozial eta ekonomikoak, eta beste erakunde eta hiritarrak elkarren artean lana egiteko modua bilatzen duelako.

eva salaberria 1

Hiria Sarea nondik dator?

OMEk (Osasunerako Mundu Erakundea) sustaturiko ekimena da. Estrategia honen bitartez, hiritarren beharrak aztertu eta aurrera begirako plan bat finkatzen laguntzen dizu.

Hala ere, prozesua 2009an hasi zen arren, 2013an hasi ginen parte-hartze prozesuak burutzen hiritarrekin batera; elementu klabeak zehaztu eta hausnarketa sakon bat burutuz. 2014an, bertatik ateratako ondorioekin Hiri Plana onartu zen ehun ekimen baino gehiagorekin.

Orduan, Donostiak neurrira eginiko plan bat duela esan genezake?

Hori da, Donostiari dagokion plana hirian bertan eraman da aurrera donostiarrekin batera. Diagnosia egiteko modu estandarra erabili bazen ere, Donostiarentzat OMEk jarritako pausoak,  beraien gida liburuetan agertzen diren bezala burutzea oso zaila zela ikusi genuen. Ondorioz, erronkak mantendu ditugu, baina lau eremutan sinplifikatuz.

Zeintzuk dira 4 eremu horiek?

Bat, espazio publikoa eta mugikortasuna; bi, bizitza osorako etxebizitza; hiru, lan eremuak zaintzen dituen komunitatea (adinekoen bisibilizazioa eta euren ekarpenak kontuan edukitzeko); eta lau, bizi ziklo berri baterako trantsizioa eta adinaren kudeaketa. Azken puntu honetan, jubilazio garaian egoera berriari nola aurre egin eta edadeak dituen ondorioei erantzun egokiak aurkitzeko bideak lantzeko asmoa dugu.

Ze ekimen mota eraman dituzue aurrera?

Ekimen ugari eraman ditugu aurrera. Horietako bat Farmazia Lagunkoia izan da. Donostian egin da lehenengoz ekimen hau. Proiektu honetarako adineko pertsonen, gizarte zerbitzuetako langileen, mediku eta erizainen eta farmazietako langileen parte-hartzea eduki dugu. Botikarien Elkartearekin batera bideratu da, beraien lidergoa ezinbestekoa izan da proiektu honetan.

Zerk aberasten du parte-hartze prozesu bat?

Parte-hartze prozesu guztietan bezala, bai gazte, heldu edo edozein edadetako pertsonekin, taldea anitza eta plurala izaten saiatzen gara. Adineko pertsonen artean mota askotako perfilak aurki ditzakegu eta horrek taldearen osaketa aberasten du. Donostia Lagunkoiaren erronketako bat estereotipoak alde batera uztea da.

Zer goraipatuko zenuke adineko pertsonekin egindako bileretatik?

Adineko pertsonak oso kritikoak dira errealitatearekiko, irizpidea daukate. Gainera, hiriarekiko lotura oso emozionala da, bai bertan jaio direnentzat, baita Gipuzkoatik Donostiara bizitzera etorri direnentzat ere. Hemendik 20 urte barru Donostia nolakoa izango den irudikatzen dute eta oso ideia aberasgarriak jartzen dituzte mahai gainean.

Gaur egungo egoerak ez du zerikusirik pertsona helduek orain dela urte batzuk bizi izan dutenarekin alderatuz. Oraingo gaiei erantzun egokiak aurkitzeko beharrezkoak ditugu memoria, esperientzia, ezagutza eta sormena, eta balio guzti hauek pertsona helduek dauzkate.

2017ra begira ze prozesu eramango dituzue aurrera?

Urte honetarako 44 ekintza ditugu prest, Udaleko departamentu gehienak inplikatzen dituztenak: Mugikortasuna, Etxegintza, Azpiegiturak, Kirola, Kultura, Gazteria, Gizarte Ekintza, Udaltzaingoa, Ingurugiroa, Sustapena, Lehendakaritza, Partaidetza, eta beste hainbat Departamendu Alkategoaren lidergoarekin.

eva salaberria 2

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to Twitter