Zergatik animatu zineten Euskadi Lagunkoia sarera atxikitzera?

Zarautz 2015eko abenduaren 15ean atxikitu zen Euskadi Lagunkoiaren sarean. Herriko adinekoekin eta eragileekin batera, Zarautz herri lagunkoia eta integratzailea bihurtzea nahi dugulako; alde batetik, adinekoen esperientziaz eta jakituriaz baliatuz, eta, bestetik partaidetza eta zahartzaro aktiboa sustatuz.

Argi daukat, baita, Euskadi Mahaian sarea sortzea oso garrantzitsua dela; herrien artean , gure praktika eta esperientzia onak partekatzeko aukera bikaina da. Asko dugu Euskadin eginda, eta asko elkarregandik ikasteko.


Zeintzuk dira orain arte emandako pausuak?

Esan bezala 2015eko abenduan atxikitu ginen ekimen honetara eta Matia Fundazioaren gidaritzapean diagnostikoa egiten hasi ginen. Zertarako? Bada, zehazki jakiteko ze egoeratan aurkitzen ginen.

Datu bilketa egiteko 6 lan topaketa egin genituen adineko mahaiko kideok, gai ezberdinak landuz: garraioa, aire libreko espazioak eta eraikin publikoak, etxebizitza, partaidetza, gizarte sarea eta enplegua, osasun eta gizarte zerbitzuak, eta, azkenik errespetua, bizikidetza, inklusioa, komunikazioa eta informazioa.

Topaketekin batera, herrian inkestak zabaldu genituen, ikastolekin elkarlanean, eta 338 inkesta betetzea lortu genuen. Jasotako informazio guztia osatzeko, ongizate zerbitzuan genituen datuekin gurutzatu eta Matia Fundazioak diagnostikoa egin zuen.

Diagnostikoan balorazio onena familia, garraioak eta aisialdiak jaso zuten eta, okerrena, etxebizitza eta komunikazioak.


Zeintzuk dira talde eragileak aurrera daramatzan ekintza nagusiak?

Diagnostikoa ongizate zerbitzuan landu eta gero, 6 proiektu aurkeztu genizkien mahaiko kideei eta talde dinamika bat egin genuen, denon artean lehentasunak zehazteko helburuarekin.

6 proiektuak landu behar genituela adostu genuen:

1. Bakardade diagnosia egitea
2. Belaunaldi arteko ekintzak sustatu
3. Eguneko harrera zerbitzua aztertu eta gauzatu
4. Irtenbil programa urte guztira zabaldu
5. Adinekoen parkeak dinamizatu.
6. Zarauzko dendariekin elkarlanean, merkatu lagunkoia landu.

Une honetan, bakardade diagnosiaren proiektua lantzen ari gara: Ikei enpresarekin elkarlanean, dagoeneko hasita gaude proiektuan. Zarautzen dugun errealitatea ezagutu nahi dugu eta, jasotako informazioarekin, zerbitzuak beharretara moldatu. Baina, batez ere, gizarte zerbitzuekin harremanik ez duten pertsonetara urbildu nahi dugu, gure zerbitzuak eskaintzeko.

 

Zer azpimarratuko zenuke urriaren lehen astean burututako ekimenen artetik?

Urriko lehenengo astean + 60 adinekoen astea ospatu genuen eta izugarrizko partaidetza lortu genuen. Arrakasta izatearen gakoa, beraiekin, adineko mahaiko kideekin, aste osoko plangintza antolatzea izan da.

Denok (udal teknikariek, elkarte ezberdinetako kideek, herriko beste eragileek eta nik neuk) hartu genituen ardurak eta eginbeharrak. Ahalik eta pertsona gehienetara iristea zen gure helburua: ekintza kulturalen bidez, antzezlanak, kirola, arrantza, yoga, hitzaldiak eta, nola ez, bingoaren bitartez.
Aste horretan, bereziki, adinekoak herrira eta herriko auzo ezberdinetara iristea lortu genuen.


Euskadi Lagunkoia ekimenak Euskadiko herri eta hirietako bizikidetzaren hobekuntzan eragin dezakeela uste al duzu?

Nire ustez Euskadi lagunkoia proiektuak badu bizikidetzan eragin zuzena: azken finean, proiektu honen eragileak herriko pertsonak gara, bizipen ezberdinak bizitako pertsonak eta bizi esperientziak partekatzeko eta haiengandik ikasteko aukera paregabea eskaintzen du proiektuak.

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to Twitter