Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren iritziz, “Euskadi, adinekoei Euskadi Lagunkoia proiektuan sustatzen den etengabeko ahalduntzeari esker bizi-baldintza onenak izan ditzaten ematen zaien arretaren aurreikuspena aintzat hartuta, Europar Batasunean zahartze aktiboan nagusi diren herrialdeetako bat bilakatu da”.

Gaur Barakaldo Euskadi Lagunkoia sareari atxiki zaio; horrela, sareak, 61 udalerri ditu hiru lurraldeetako autonomia-erkidegoan programari atxikita, eta, guztira, 344.998 adineko, Euskadiko biztanle nagusien % 71,3.

Artolazabalek, gaur, Barakaldo Euskadi Lagunkoia sareari atxikitzeko sinaduran parte hartu du, Amaia del Campo Barakaldoko alkatearekin eta Mikel Antizar Barakaldoko Gizarte Ekintzako zinegotziarekin batera. “Euskadi Lagunkoia programatik gaur egun arte hainbat eta askotario ekimen eta proposamen abiarazi dira, eta herritarren aldetik eta kanpotik babes handia izan dute; izan ere, eredu izan gara zenbait leku eta herrialdetan: Brasil, Australia, Portugal, Kanada, Suitza edo Eskozia, besteak beste”, esan du Artolazabalek.

Artolazabalek eskerrak eman dizkio Del Campo alkateari, berak “eta bere taldeak Euskadi Lagunkoia Sareari atxikitzeko erakutsi duten gizarte-konpromisoagatik. Gure sarearen ezaugarrietako bat atxikita dauden udalerrien aniztasuna da, bai eta eskaintzen duen babesa ere. Barakaldo biztanle-kopuruari dagokionez laugarren udalerria da Euskadin; bertako herritarren % 23k baino gehiagok 65 urtetik gora ditu, Euskadiko batez bestekotik pixka bat gorago”.

“Aurrerapen medikoak eta sozialak eta hemen dugun bizi-kalitatea dela eta, gure bizi-itxaropena munduko bigarren handiena da, Japoniaren atzetik, eta Europako onena. Ospatu eta nabarmendu beharreko gizarte-lorpen partekatu horrek aukerak eta erronkak ekarriko dizkigu. Euskadin, gure herritarren zahartzeari aurre egiteko, zahartze aktiboa sustatzen dugu”, esan du Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak.

 

Ahalduntzea

Artolazabalen hitzen arabera, “erretiroa hartzeko adinean edo 65 urteak gainditzean euskal herritar gehienek gure familientzat eta erkidegoentzat lanean jarraitzen dute. Gaur, Euskadin, milaka adineko edo 65 urtetik gorako ditugu elkarte eta entitateen euskarri direnak, eta horiek gabe gure gizartea sozialki pobretuta legoke. Nire ustez, euskal herritarren zahartzea ez da karga bat ez antzekorik. Gizarte-lorpena da eta, horrela, behar berriak ere baditugu eta erantzun egin behar diegu. Udal-mailatik, lan handia eta ona egin daiteke”.

Eusko Jaurlaritzak Euskadi Lagunkoia Sustraietatik programa sustatzen du, udal-inplikazioaren bidez, adinekoen ahalduntzea bultzatzeko eta zahartze aktiboa sustatzeko. Sareak adinekoen eta herritarren parte-hartzea sustatzen du, Euskadiko udalerrietako auzo eta inguruneak hobetzeko, mundu guztia zahartu ahala beren bizitza egiten jarraitu ahal izateko. Lagunkoitasunetik abiatuta, hirigintzarekin, etxebizitzarekin, merkataritzarekin edo garraioarekin zerikusia duten ekintzak lantzen dira, besteak beste.

Sarea Osasunaren Mundu Erakundeak sustatzen duen ‘Age-friendly Environments Programme’ ekimenean oinarritzen da, eta Euskadi haren munduko erreferente da. “Euskadin munduko sare handiena eraiki dugu, eta sareak ezaugarri oso garrantzitsua du: askotarikoa eta Lagunkoiak udalerri handi eta txikiak, hiri-eremukoak eta landa-eremukoak batzen ditu, askotariko errealitateak dituztenak, baina partekatzen diren eta egokitzapenak eginez errepika daitezkeen esperientziekin. Sarean lan egiteak abantaila hori du, jardunbide egokiak eta ekimenak trukatu egiten dira”, esan du Artolazabalek.

Gaur Barakaldo Euskadi Lagunkoia sareari atxiki ondoren, erkidegoko 61 udalerri daude dagoeneko atxikita, hiru lurraldeetakoak, eta, horien artean, hiru hiriburuak: Donostia, Bilbo eta Vitoria-Gasteiz. 61 udalerri horietan, guztira, 344.998 adineko bizi dira; alegia, Euskadiko adinekoen % 71,3 Euskadi Lagunkoia Sarearen babesean dago. Euskadi Lagunkoia sareak, egun arte, ekimen eta proposamen ugari eta askotarikoak abiarazi ditu.

Osasunaren Mundu Erakundeak Euskadi Lagunkoia zenbait aldiz nabarmendu du: azkena, urtarrilean, OMEk euskal sarearen adibidea honako argitalpen honetan zabaldu zuenean: “Adinarekin lagunkoiak diren hiri eta erkidegoetarako sare globala; azken hamarkadan atzera begira eta hurrengoa heltzeko irrikitan”. OMEk Euskadin adinekoen ahalduntzerako ekindako eredua nabarmendu zuen, eta zera adierazi zuen: “Euskadi Lagunkoia programa garatzean arrakasta-faktore garrantzitsuenetako bat oinarriko herritarren lidergoa da”.

Artolazabalek Inguralde - Barakaldoko Garapen Agentziaren lankidetza nabarmendu du; Euskadi Lagunkoiak berarekin sustatu du establezimendu lagunkoien programa. Barakaldon, dagoeneko, sei tailer egin dira tokiko saltokiekin, eta 63 establezimendu daude atxikita eta lagunkoitasun-zigilua dute. Lankidetza etengabea da; aste honetan bertan, ostegunean, hilaren 21ean, zazpigarren tailerra egitea aurreikusten da.

 

Saltokiak

Jardunaldi honen bidez, saltokiek eta establezimenduek lokala egokitzeko har ditzaketen neurriak ezagutu ahalko dituzte, hobekuntza-arloak zehazteko autoebaluazioa egin, adinekoentzako arreta hobetu eta, horrela, lehiakideetatik bereizi eta ‘Euskadi Lagunkoia’ zigilua eskuratu, beren konpromisoa zabaltzeko.

“Ekimen honen helburua establezimendu horiek bezero guztientzat lagunkoiagoak izatea da eta, horretarako, adinekoen eta/edo mendekotasuna duten pertsonen beharretara egokitzea, beren bizitza ohiko ingurunean ahalik eta autonomia gehienez egiten jarraitu ahal izateko. Adinekoak bezero fidelak izaten dira auzoko edo herriko saltokietan. Eskuratzen dituzten produktuak ongi ezagutzen dituzte eta ohiko erosle izaten dira. Aholku eta urrats arruntei jarraikiz, saltokiek berentzako espazio lagunkoiago bilakatuko dira, eta horrek beren bizitzan izango du eragina, eta horietakoren baten autonomia areagotzen lagunduko du”, esan du Artolazabalek.

Donostian, farmaziak eredu izan ziren horretan. Gaubeako landa-eremuan, zenbait ekimen egiten ditu. Establezimendu Lagunkoia programa heziketa-kanpaina bat da, eta zenbait tailer ditu; tailer horien bidez, kostu gutxiko edo kosturik gabeko praktikak ematen dira, enpresei bezero nagusiagoei eusten laguntzeko edo horiek erakartzen laguntzeko. Era berean, ingelesera eta portugesera itzuli den gida argitaratu da, eta Valentziako Erkidegoari berarena prestatzeko erabil dezan utzi zaio.

Programa honek parte hartzen duten saltokietako kudeatzaile eta langileei autoebaluazioa egitea proposatzen die, adinekoek edo desgaitasuna dutenek izaten dituzten oztopo edo zailtasunen kontziente izan daitezen.

“Sentsibilizazio-prozesu horri esker, bezeroarentzako arreta-zerbitzua hobetzen da; izan ere, nagusiki adinekoei kalitateko zerbitzua emateko urratsak aplikatzen dira, eta, horrela, zenbait eremutan izan ditzaketen beharrak konpentsatzen dira: mugikortasunaren galera, ikusmenaren murrizketa, entzumenaren murrizketa edo narriadura kognitiboa”, esan du Artolazabal sailburuak. Sailburuak saltokietan lagunkoitasuna hobetzeko gauzatu daitezkeen zenbait ekintzaren adibideak aipatu ditu: ate eta pasorako lekuetan espazio zabala uztea; argiztapen artifizial ona izatea; musikaren bolumena jaistea; alfonbrak kentzea edo lurzoruan sartuta jartzea; etxeko banaketa-zerbitzua aktibatzea; bezeroek itxaron bitartean eserita egoteko aulkia edo bankua jartzea; sarrera lurraren maila berean ez badago, arrapala jartzeko aukera aztertzea; ikusmen nekaturako betaurrekoak izatea edo ikusmen-zailtasunak dituztenek produktuen zehaztapenak irakurri ahal izateko lupa bat izatea; argi hitz egitea eta behar beste aldiz errepikatzea.

“Orain, Udala Sareari atxiki zaionez, tokiko talde gidariak sortuko dituzue, udalerriko adinekoen parte-hartzearekin, eta beren iritziz dauden beharrei helduko diezue. Besteak beste, espaloien, parkeen eta kaleen hiri-diseinua hobetzea eta belaunaldien arteko jarduerak antolatzea”, esan du Artolazabalek.

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to Twitter