Arritxu Zelaia, Lea Ibarrako bailaran lagunkoitasun prozesua aurrera eramateaz arduratu den teknikari-dinamitzailalea da. Elkarrizketa honetan prozesua hasi zenetik gaur arte izandako garapena azaldu digu.

 

1. Lea Ibarrako bailara 5 herrik osatzen dute: Munitibar, Aulesti, Gizaburuaga, Amoroto eta Mendexa. Noiz eta zergatik eman zenuten pauso hau?

Prozesua 2017an hasi genuen. Herriotan zegoen adinekoen portzentajea ikusi eta garrantzitsua iruditu zitzaigun edadetuen ikuspegitik herri hauen diagnostikoa egitea.

 

2. Bideo bat egin zenuten proiektua azaltzeko. Bertan azaltzen den bezala, Lea Ibarrako biztanleen %22a 65 urtetik gorakoa da eta zifra horrek gora egingo du hurrengo urteetan. Euskadi Lagunkoiak lagundu al dizue errealitate honi aurrez aurre begiratu eta pausoak ematen?

Diagnostikoa eta plana egin izanak errealitatea edadetuen ikuspegitik ikusteko aukera eman digu,hainbat lekutan edadetuentzako planak egin izan dira eurak kontuan hartu barik, hobe beharrez egin ere, baina errealitatea desberdina da protagonisten begietatik ikusita, eta bestela jabetuko ez ginen hainbat kontu jaso ahal izan ditugu.

 

3. 2017ko abenduan diagnostikoa aurkeztu zenuten, bailararen egoera islatzen zuen informea alegia, eta 2019an Ekintza Plana plazaratu duzue. 

  • Nolakoa izan da taldearen bilakaera? 
  • Prest egon al dira parte-hartzaileak galdera guztiei erantzuteko?
  • Nolakoak izan dira bilerak eta zenbatean behin elkartu zarete?

Eskualde mailako talde eragilea sortu genuen lehenengo eta diagnostikoa egin ostean herrietakoa sortu genituen. Eta hasieran zaila bazirudien ere talde oso ekina izan da, eta horrelako lantaldearekin erraz egiten dira gauzak.

Kontuan hartu behar da bost herriak oso txikiak direna, handiena Aulesti da eta 662 biztanle ditu, eta baserri ingurua da gehiena. Diagnostikoa egiteko parte hartze taldeetara jendea etor zedin bazterrik bazter mugitu ziren, eta bai lortu ere; bost herri txiki dira eta 113 lagun batu ziren guztira, pentsa eskualdeko edadetuen % 23k hartzea lortu zuten.

Deialdiak zabaltzeko meza ostean, jubilatuen elkartean, ahoz ahokoa… fin-fin aritu ziren lanean. Diagnostikoa egiteko guztira 30 batzarretik gora egin ziren eta ia 400 alderdi atera ziren hobetzekoen eta ondo zeudenen artean.

Diagnostikoko hainbat galdera ingurura egokitu genituen, ez baita berdina Bilbon garraioari buruz galdetzea edo Amoroton galdetzea. Eta baserri ingurune batean izan daitezkeen arazoek ez daukate hirigunean izan daitezkeenekin zerikusirik askotan. Adibide bat jartzearren, Bilbon kaleko zaratak eragin dezake deserosotasuna jasoko da diagnostikoan, baina herri txikietan tiro hotsek, motorrek edo antzekoek eragingo dute zarata.
Hiriburuan trafiko handiak sortuko du arazoa, eta baserri inguruetan alboko soroan sartzen diren basurde eta orkatzek.

Ekintza plana bukatu genuen eta datozen urteotan dugun erronka nagusia zehaztu diren ekintza guztiak burutzea da.

 

4. Zeintzuk uste duzu direla prozesu honetatik atera daitezkeen ondoriorik esanguratsuenak?

Hainbat alderdi aztertu ditugu eta konpontzeko bidean jartzen ahalegindu gara, baina nagusiena, eta azpimarratzekoa dena da, proiektuak eurak, edadetuak, izan direla protagonista eta motor, eta horrek ematen dio balioa prozesuari.

 

5. Zeintzuk izango dira hurrengo pausoak?

Datozen urteotako lana planean jasotako ekintzak garatzea izango da, hainbat ditugu, herrian herrikoak eta baita eskualde mailakoak ere.

Eskualde mailakoen artean hainbat erronka dira: garraioaren arazoari irtenbidea ematea landa taxiaren bidez, larrialdietako farmaziekin dagoen arazoa konpontzea eta pentsio duinen alde egitea besteak beste.

 

6. Zerbait gehiago gehituko al zenuke?

Bai, nik uste dut talde eragileko guztien izenean esan dezakedala esperientzia oso polita eta aberasgarria izan dela, giro onean jardun gara beti, eta batzuetan lan zaila ematen bazuen ere egin dugu eta aurrera begira jarri gara.

 

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to Twitter