Urriaren 3an Igorreko Kultur Etxeko areto nagusian Bizi Igorrek antolaturiko Udalerri lagunkoien programa eta esperientzien aurkezpena ospatu zen. Gonbidapena Arratiako bailara osatzen duten herri guztiei luzatu zitzaien: Zeanuri, Areatza, Artea, Arantzazu, Dima, Lemoa, Bedia eta Igorre; eta Zornotza ere bertaratu zen. 

 

Bizi Igorrek eginiko deialdiak oso erantzun ona izan zuen ondoko herrietako ordezkariengandik; areto nagusia bete egin zen eta bertaraturiko pertsonek herri lagunkoi bat zer den lehen pertsonan ezagutu ahal izan zuten. Baita ere, Bizi Igorrek izan duen garapena, Abadiño Lagunkoia kasu arrakastatsua, Bizkaiko Pertsona Nagusien taldeak egiten duen lana eta Bizkaiko Foru Aldunditik herri bakoitzeko talde eragileei zuzenduriko diru-laguntzak lortzeko bideaz informatu ziren.

Igorreko Udalaren ongi etorria

Illart Gumuzio, Igorreko Alkateak, ongi etorria eman zuen. Bere hitzetan "Edozein herrik amestuko luke Bizi bezalako batzorde bat edukitzea. Batetik, herritik sortu delako eta bestetik, urtean zehar ekimen, proposamen eta ekarpen ugari egiten dituztelako. Lan asko egiten dute eta gure zeregina euren eskaerei erantzun egokia ematea da"

Jarraian, Itsaso Bengoetxea, Bizi Igorreko taldekidea eta Igorreko Udaleko zinegotzi ohiaren txanda izan zen. Herri lagunkoi bat izatea zer den azaldu zuen "Euskadi Lagunkoia parte-hartze proiektu bat da, herritarren zahartzeari erantzun bat emateko sortu dena eta zerbitzu, sistema, gestio administratibo, kudeaketa eta baliabideetan egon behar diren aldaketak aztertu eta kontuan hartzen dituena"

Hainbat datu eman zituen: "Igorreko biztanleriaren %25ak 60 urte baino gehiago dauzka. 2016an Igorre Bizi plataforma sortu zen Igorreko Jubilatu taldearen eskutik. Herritarrak izan dira, egungo egoera ikusita, mugitu eta taldea sortu dutenak". Bengoetxeak azaldu bezala "pertsona nagusiak dira liderrak eta Bizi Igorre plataformaren protagonistak". 

Abadiñoko esperientzia

Abadiño Lagunkoia gonbidatua izan zen ere ekitaldira. Eduardo Gaviria eta Jose Mari Macías, taldekideak, Bizi Igorrek egindako deialdiari erantzun zioten euren herriko esperientzia azaldu eta denbora honetan eman dituzten pausoak erakusteko. Bertan aurkitzen ziren pertsona guztiei bakoitzak euren herrietan talde lagunkoiak sortzera animatu zieten, erabakiak hartzerako garaian eragile aktiboak izan daitezen.  

Igorreko esperientzia

Jarraian, Jesús Mari Anzola, Bizi Igorreko taldekidearen txanda izan zen. Taldea sortu zenetik gaur egun arte izan duen garapena azaldu zuen. Berak esan bezala, "Bizi Igorre proiektu parte-hartzailea da eta bere muina pertsona nagusien parte hartzea bultzatzea, zahartze aktiboa sustatzea eta pertsona nagusiak eragile erabakiorrak izatea da". 

Udalari proiektuaren aurkezpena 2016. urtean egin zitzaion arren eta ondorengo atxikitzea 2017an, prozesua 2013. urtean hasi zen Igorreko jubilatu taldearen aldetik. Anzolak azaldu zuenez "hainbat urte behar izan ditugu taldea sendotu eta helburuak ipintzeko". 

Dagoeneko diagnostikoa egin dute, 224 proposamenekin; Ekintza Plana, 19 lerro estrategikotan banatzen dena, 138 ekimenekin; eta orain, bertan finkaturiko adierazleen jarraipena egiten ari dira.

Bizkaiko talde eragilearen betebeharra 

Bizkaiak, Bizkaiko Pertsona Nagusien Kontseilutik sorturiko talde eragile bat dauka. Aurkezpena Natxo Arnaiz, Bolunta Elkartekoak, eta Maite Zabala, taldekideak burutu zuten. 

Taldearen helburua "pertsona nagusien inguruan dauden estereotipo negatiboak alde batera uztea" dela azaldu zuten. Talde eragileak hiri lagunkoietako kideak euren artean ezagutzeko lan egiten du eta lagunkoitasuna euren herrietan lantzen ari diren talde, pertsona eta Udalekin kolaboratzen dute. Momentu honetan Bizkaiak 24 herri lagunkoi ditu eta helburua zifra hau handitzen joatea da; programa polita dela jakin badakite, baina epe luzekoa. Lanean jarraituko dute pertsona nagusiak batu eta eragile aktiboak izan daitezen. 

Maite Zabala, Bizkaiko Pertsona Nagusien taldekideak bertaratu ziren guztiei animatzen zien "erretirora osasuna, denbora eta gogoarekin iritsi gara. Orain arte ezin izan dugu gizartearekin zerikusia duten gaiekin nahiko genukeen bezala kolaboratu, gure denbora guztia lanera eta familiara bideratu dugulako; baina orain ekiteko garaia iritsi da, gizarte honetan eragile aktibo izatekoak, Auzolan modura eta pertsona boluntario bezala asko egin dezakegu". 

Argi azaldu zuen bezala, 3 zutabe dira hiri lagunkoi bat mantentzen dutenak: talde eragilea, Udala eta alderdi teknikoa. Hiru osagai hauekin Diagnostikoa, Ekintza Plana eta adierazle bitartezko jarraipena egiten da. Zikloak 5 urte irauten ditu eta gero berriz hasten da, herriak garapen bat jasaten duelako, behar berriak sortzen direlako eta taldeetan pertsona berriak sartzen direlako gogo eta ideia biziberrituekin. 

Bizkaiko Foru Aldundia: «Bizkaia adin guztientzako lurraldea»

Ekitaldiaren azken zatia Bizkaiko Foru Aldundiak eskaintzen dituen diru-laguntzak azaltzeko erabili zen. Laguntza hauek Euskadi Lagunkoiara atxikita dauden herrientzako dira, Diagnostikoa eta Ekintza Plana gauzatzeko beharrezkoa duten aholkularitza enpresa kontratatu ahal izateko. 

Laguntza hauek ere komunikazio arlora zuzenduak daude, bideoak eta beste hainbat euskarri informatibo egiteko balio baitute: kartelak, flyerrak, triptikoak... herritarrei herri lagunkoi bat zer den azaldu eta taldean parte hartzera animatzeko helburua dutelarik. 

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to Twitter