Elgoibarko Udalak eta Elgoibar Lagunkoia talde eragileak lehen faseko diagnostikoaren behin betiko dokumentua aurkeztu dute. Bertan, elgoibartarren iritziak eta ekarpenak jaso dira 647 inkesten bidez. Urrian bigarren faseari ekingo zaio. Fase horretan, inkestetatik ateratako gaiak aztertuko dira, ekintza eta programa zehatzagoak abian jartzeko.

Elgoibar Lagunkoia ekimenaren helburua da adinekoek eta, oro har, herritarrek udalerria hobetzen parte har dezatela bultzatzea, jomuga adineko pertsonengan jarrita. “Ingurune lagunkoiak bizimodu independentea sustatzen du, zahartze aktiboa eta norbanakoaren autonomia, osasunerako, partaidetzarako eta segurtasunerako aukerak optimizatuz, pertsonen bizi kalitatea hobetzeko asmotan” (OME 2007).

2018ko azaroan, Elgoibarko Udalak, Elgoibar Lagunkoia talde eragilearekin batera (proiektuaren buru diren hainbat elkartetako ordezkariek osatua), partaidetza prozesu bat jarri zuen martxan elgoibartarren iritziak eta iradokizunak jasotzeko, guztion artean Elgoibar atseginagoa eraikitzeko. Gaur beste urrats bat eman da, urrats garrantzitsua helburu hori lortzeko.

Guztira 647 inkesta bildu eta edukia aztertu ondoren, gaur goizean, Jubilatuen Biltokian, diagnostikoaren azken dokumentua aurkeztu da, inkesten bidez zein Jubilatuen Biltokian egindako bileretan jasotako ekarpen guztiak oinarri dituen txostena. Ane Beitia Elgoibarko alkateak, Blanca Larrañaga Gizarte Ongizate saileko zinegotziak, Elgoibar Lagunkoia talde eragileko kideak diren Andoni Segundo (Duintasuna taldea), Jose Ramon Ezenarro (Nagusilan), Andoni Segundo (Duintasuna taldea), Maria Isabel Aizpurua eta Pedro Andonegi (Jubilatuen Biltokiko kideak) eta Gotzone Aierdi Urruzuno auzoko auzo-alkateak hartu dute parte aurkezpenean. Txostena gaurtik aurrera oso-osorik kontsultagai egongo da udalaren web atarian, hurrengo estekan klik eginez:

Txostena deskargatu

“Bai Udalak, bai talde eragileak, lehenengo fase honen balorazio positiboa egiten dugu, parte-hartzea nabarmena izan baita, eta, beraz, oinarri sendo eta aberasgarri batetik abiatzen gara, etorkizunean gure adinekoen bizi-kalitatea hobetzen lagunduko duten ekintza zehatzak martxan jartzeko”, azpimarratu du Ane Beitia Elgoibarko alkateak. Era berean, talde eragileko ordezkariek azpimarratu dute, komunitateari parte hartzeko tresnak emateaz gain, gutako bakoitzak bere harri-koskorra ekartzean duen erantzukizun indibidual eta kolektiboa ere garrantzitsua dela, Elgoibar udalerri atseginagoa izan dadin.

Diagnostikoaren lehen fase hau bukatuta, bigarren fasea hasiko da, Ekintza Plana. Hobekuntza-ziklo bati ekingo zaio, hainbat ekintza eta programa abian jarri ahal izateko. Plan hau galdetegian ageri ziren 8 ikerketa-ekintza arloetan oinarritzen da (Garraioa, Etxebizitza, Partaidetza eta Gizarte Sarea, Errespetua eta Inklusioa, Herritarren partaidetza eta Enplegua, Gizarte Zerbitzuak eta Osasuna, Aire librea eta Eraikinak).

Gaur egun, COVID-19ak ezarritako egoera berriaren ondorioz, oso agerian geratu da, adibidez, inoiz baino beharrezkoagoa dela hainbat arlo indartzea eta, besteak beste, nahi gabeko bakardadeari aurre egitea. Hauxe izango da, bada, Lagunkoia sare guztiak aztertu beharko duen gaia.

Bigarren fase hau urrian hasiko da. Horretarako, talde eragileaz gain, hainbat azpitalde osatu beharko dira, galdetegitik ateratako gaiak aztertzen hasteko. Beraz, proiektuan lagundu eta parte hartu nahi dutenek edo informazio gehiago eskuratu nahi dutenek Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko. helbidera idatz edo 943 74 10 50 (luz. 306) telefono zenbakira dei egin dezakete.

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to Twitter