Beasaingo Udalak Beasain Lagunkoia, sustraietatik programa martxan jarri du Matia Fundazioaren laguntzarekin. Helburua honakoa da: "Adineko pertsonen parte hartzearekin, adineko pertsonentzako Beasain hobe bat eraikitzea eta herrian bertan zahartzeko aukera izatea". Osasunaren Mundu Erakundeak 2005an hasitako programa da eta Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako sailak ere Euskadi Lagunkoia Sustraietatik izenburupean martxan jarri zuen.

 

Aitor Aldasoro alkateak prentsaurrean azpimarratu duenez, "gizartearen ongizatean aurrerapausoak eman nahi dira. Pertsona helduak izango dira lehenengo jomuga. Pertsonak dira helburu, parte hartzea da programaren puntu garrantzitsu, herritarrek izan behar baitute protagonista. Asmuberekin, Aranealderekin eta Nagusilanekin bidea hasi dugu, eta gainerako herritarrak gonbidatu nahi ditugu programan parte hartzera".

Matia Fundazioak bideratuko du programa. "Gero eta adineko pertsona gehiago daude eta horiek gero eta gehiago bizi dira ingurune urbanoan. Erantzuna nola eman ikusteko eta zahartzaro aktibo bat nola bultzatu erakusteko metodologia bat sortu zuen Osasunaren Mundu Erakundeak. Orain, lagunkoitasun mugimendura atxikitzeko nahia azaldu du Beasainek", argitu du Ainara Tomasenak.

Diagnosia, zortzi arlotan

Lehenengo pausoa "herriaren argazki bat edukitzea da, diagnostikoa egitea. Horretarako, herritarrek beraiek esan behar dute herrian zer dagoen ondo eta zer ez hain ondo, eta etorkizunean nolako Beasain nahi duten", nabarmendu du Tomasenak. Herriaren argazki hori egiteko zortzi arlo aztertuko dituzte: etxebizitza, garraioa, aire libreko espazioak eta eraikin publikoak, herritarren parte hartzea, enplegua, errespetua eta inklusioa, informazioa eta komunikazioa, eta osasun eta gizarte zerbitzuak. "Gure egunerokotasunean eragina daukaten arloak dira. Arlo horiek guztiak landuta pertsona bakoitzaren bizitza hobetu dezakegu", gaineratu du Tomasenak.

Diagnostiko egoki bat egiteko urtebete edo bi urteko denbora tartea beharko dela aurreratu dute. Lan horretarako herritarren eta herriko elkarteen inplikazioa ezinbestekoa dela azpimarratu dute. Aldasororen esanetan, "hortik etorriko dira ekintza desberdinak, bai udalak gauzatu beharko lituzkeenak, edo eta udalaren eskutik herritarrek gauzatu beharko lituzkeenak".

Submit to FacebookSubmit to Google PlusSubmit to Twitter