Urriaren 14tik 16ra bitartean Madrilen izan da, Imsersok antolatuta, Osasunaren Mundu Erakundearen eta Osasunaren Erakunde Panamerikarraren laguntzarekin, Nagusiekiko Hiri eta Komunitate Lagunkoien I. Konferentzia Hispaniar Latinoamerikarra.
Abadiño Lagunkoia gonbidatua izan zen ekitaldi horretako mahai-inguruetako batean parte hartzera. Mahai horren helburua Hiri Lagunkoien proiektuak pertsona nagusiek bertan parte hartzeko eskaintzen duen aukera erakustea zen. Eta bertan, gure metodologia, kezkak eta proiektu ilusionagarri honetan lortzen ari garen aurrerapenak aurkeztu genituen. Sentsazioa dugu bertaratutakoei mezu hau helaraztea lortu genuela: pertsona nagusiok gai garela proiektu honi ekiteko eta berau gidatzeko.
Ekitaldiak, gainera, sarea osatzen duten beste herri batzuetako lagunekin hartu-emanak sendotzeko eta beste ekimen interesgarri batzuk ezagutzeko balio izan zigun.
Esteka honetan egin genuen aurkezpena ikus dezakezue eta gure esku-hartzea hemen klik eginez.