Abadiño Lagunkoia proiektuaren barruan foku-taldeen laugarren bilera ospatu da Abenduaren 13an. Aurretik adostutako egitaraua jarraituz, oraingo honetan bilera Abadiñoko San Trokaz Nagusien Elkarteko aretoetan eginda.
Partaidetza aurrekoetan izan dugunaren antzekoa izan da; bidaiak direla eta batzuk ezin izan dute etorri baina berri batzuk ere izan ditugu oraingo honetan.
Bileran jorratutako gaia etxebizitzarena izan da eta beronen inguruan eztabaida aberasgarria sortu da, etxebizitza duin bat edukitzeko eskubideaz gain, zahartze prozesura egokitutako bizilekuen beharra azpimarratuz, gure famili-giroan ahalik eta denbora gehien jarraitzeko. Etxe giroaz, etxe bizitzaz hitz egin da etxeaz baino gehiago.
Gabon oporrak gainean ditugula eta foku-taldeak urtarrilaren 10erarte berriro bilduko ez direnez, Marakako teknikariek, aurreko bileretan egindako ekarpen guztiak biltzen dituen dokumentu bat ekarri ziguten, berau balidatu, borobildu eta osatzeko. Bertatik ateratzen dena izango da Abadiñoko nagusiok jorratzen ari garen diagnostiko prozesuaren erabateko txostenaren oinarria.
Bestalde, Abenduaren 20an beste bilera bat ospatuko da Mendiola auzunean, ohiko bileretara etortzea zaila egiten zaien auzokide nagusiei zuzendua, bertan Abadiño Lagunkoia proiektua azaltzeaz gain, aztertzen ari garen gaiei buruz dituzten iritziak ere jasoko direlarik. Urtarrilean, oraindik zehaztu gabe dagoen datan, antzeko bilera ospatuko dugu Gaztelua auzoan ere.