2018-07-07 artikuluak

Abadiño Lagunkoia Gazteluan elkartzen da


2017.eko Irailetik aurrera bai Matienan eta bai Zelaietan aurrera eraman ditugun bilerez gain, Abadiño Lagunkoia proiektuaren motor taldekook  gure herriko beste auzo batzuetan ere ospatu ditugu lan saio batzuk, bertako biztanleen iritziak ere ezagutu asmoz, foku-taldeetan jorratutako Abadiñoren Lagunkoitasunari buruzko arlo desberdinei dagokionez.

Honela, Ekainaren 28an motor taldeko hiru kide eta Maraka enpresako teknikari bat Gaztelua auzora joan ginen. Bertan, San Martin baselizan, Abadiño Lagunkoia proiektua martxan jartzera bultzatu gaituen helburuak aurkeztu, eta orain arte aztertu ditugun arlo desberdinetako ondorio azpimarragarrienak azaldu genituen. Lagunarteko giro atsegin batean, Gazteluako baserrietan bizitzeak gai hauekiko suposatzen duenaz hitz egin genuen, arlo onuragarriak eta kaltegarriak azpimarratuz. Beraien etxebizitzen baldintzak, saneamendua, mugikortasun posibilitateak eta zailtasunak, herriko osasun zentroari buruz duten iritzia, beraiek ikusten dituzten beharrak, udalarekin duten komunikazioa, herriko kultur bizitzan eta gizarte arloan duten partaidetza, besteengandik sentitzen duten tratua, …, izan ziren elkarrizketan irten ziren gaietariko batzuk.  

Marakako teknikariak, elkarrizketa dinamizatzeaz gain, han irtendako iritziak jaso zituen, berauek foku-taldeen saio desberdinetan jorratutako diagnostikoari gehitu asmoz.

Han azaldu genuen bezala, eta Abadiño Lagunkoiaren inguruan biltzen garenok dagoeneko ezagutzen dugunaren arabera, gure asmoa diagnostiko honen azken txostena datorren Urriaren 2an aurkeztea da. Ondoren, eta Udalarekin batera, gure herria Lagunkoiagoa bihurtu dezakeen Ekintza Plana burutzen joango gara, plangintza hau denon artean aurrera eramateko konpromezuarekin, bakoitzak bere ardurak bereganatuz. Gure ideia plangintza honek hiru urtetako ekintzak aurreikustea litzateke, munduan zehar era honetako proiektuak bultzatu eta babesten dituen Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) aholkatzen duen bezala. Hiru urte horietan, Abadiñoko pertsona Nagusiok beronen jarraipena egingo dugu proiektuaren zeregin gisa, azkenik, plana burutu ondoren, beronen azken ebaluaketa bat eginez eta hobekuntza ziklo berri bat hasiz.